Eguenean langileek gehiengoz onartu zuten asmo-aitorpena gaur Candy enpresa nagusiarekin berretsi dute. Enpresa batzordeak dioenez, "ez da konpromisoa", baina Candyk eskatzen zuen baldintza –martxoaren 31 baino lehen Optimizeren proiektuaren gaineko akordio bat izatea– bete egin denez, multinazionalak ez ditu langileak kaleratuko apirilaren 1a ezkero.
Negoziatzeko asko
Orain negoziatzeko epea hasten da. Luxemburgeko Optimize enpresarekin gauza asko negoziatu behar dute langileek: besteak beste, ze baldintzatan ezartzen den eskuterrak egiteko proiektua, ze langile behar dituen… Enpresa batzordeak subrogazioa eskatzen zuen, hau da, Candyrekiko langileek zituzten baldintza berberak onartzea Optimizek.
Erabaki beharreko beste puntu bat da langileek ze kapital ipini behar duten, ipintzekotan. Optimizeren proiektuak finantzazioa behar duenez, litekeena da langileek jaso duten kalte-ordainaren zati bat ipini behar izatea. Hori ere airean dago.
Apiril bukaeran, gauza zehatzak
Hurrengo mugarri garrantzitsua apiril bukaeran izango da; ordurako, orain borondatea eta asmoak direnak zehaztuta egon beharko dira eta konpromiso jakin batzuk lortu beharko dira.
Foru Aldundiak, bere aldetik, Optimizeren proiektuaren epe luzeko bideragarritasuna azterketa egiten dihardu eta bitartekaritza lanak egiten jarraitzen du. Gaur bertan aurkeztu du hurrengo pausoak batzen dituen kronograma bat.
Berrindustrializaziorako Laguntza Unitatea
Laster, foru gobernuak hitzarmena sinatuko Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoarekin (aholkulari lanak egin ditu Candyren prozesuan). Hitzarmenaren helburua da Berrindustrializaziorako Laguntza Unitate bat sortzea, Foru Aldundiak laguntza teknikoa behar baitu inbertitzaile berriak erakartzeko eta, Gipuzkoako enpresek ez dezaten itxi eta bertako industriak eta enpleguak aurrera egin dezaten, Candykoa bezalako ekimenei aurre egiteko.