Horrela erabaki dute goizean izandako batzar baten enpresa batzordeak, eta, horrela berretsi dute 17:15ean hasi den batzarrean bertaratutako langileek.
Memorandum bat sinatu dute baiezkoa emanez, baina dokumentu hori asmo aitorpena besterik ez da; hau da, ez da loteslea. Edozein modutan, Optimize enpresak ohartarazi zuen bere proiektua ez bazuten onartzen, atzera botako zuela Candy Hooverren instalazioetan eta hango langileekin inongo proiekturik aurrera ateratzeko asmoa.
Bestalde, proiektu horren gaineko erabakia hatzeko epemuga martxoaren 31 dela kontuan hartuta, langileen iritziak eragileengan –Optimize enpresa, Candy multinazionala eta Foru Aldundia, nagusiki– bere pisua izango du, batik bat kontuan hartzen bada enpresa-proiektu berria ezartzeko, seguruenik, langileen kalte-ordaineko dirua behar izango dela. Beraz, orain negoziatzeko epea irekitzen da.
Bide luzea geratzen da
Hala, oraindik bide luzea geratzen da Optimizeren proiektuak aurrera egingo badu. Esaterako, Candy multinazional italiarrak zeresan handia du, hark alokatu behar baititu instalazioak. Bestetik, langileek Luxemburgeko inbertitzaileekin negoziatu beharko dute nola egin Bergaran motor elektrikoak muntatzen hasteko urratsak. Hala, inbertsioak, langileen kalte-ordainak eta enpleguari dagokion bermeen atala zehaztu beharko dira.
Memorandum horrek finantzazioaren atala lantzen du, besteak beste. Izan ere, proiektua abiarazteko behar den inbertsioa zehaztu behar da. Langileek kapital bat ipiniko dute, baina oraindik ez da erabaki zenbat izango den. Horrekin batera, inbertitzaile nagusien konpromisoak ere jaso behar dira idatziz. Eta horrez gain, banketxeekin negoziatu beharko da haiek egingo duten diru-ekarpena.
Foru Aldundiak, berriz, proiektuaren bideragarritasuna aztertuko du, eta hala agindu zien Candyko langile bergararrei.
EAJren kritika Aldundiari
Bestalde, Bergarako Udaleko EAJko hainbat zinegotzik agerraldia egin zuten eguazten goizean Candyren gaian Foru Aldundia izaten ari den jarrera salatzeko. Diputazioari egotzi diote zabalik dagoen prozesua bere intereserako "mediatikoki erabiltzea", eta ohartarazi dute horrek arriskuan jar dezakeela edozein proiektu industrial gauzatzea.
Juanje Alberdik, egun Bergarako EAJren zinegotziak eta alkategaiak, Candyko langileei eta aurrera eramaten duten edozein proiektu industrial sendori babesa adieraziaz hasi zuen agerraldia. Esan zuen azken hilabeteotan prozesuan zerikusia duten eragileekin bildu direla eta bitartekari lanak ere egin dituztela, baina ez dutela adierazpenik egin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari leporatu zion Candyren inguruko prozesuaren erabilpen mediatikoa egitea: "Prentsaurrekoetan, publizitate instituzionalean eta artikuluetan prozesua bere intereserako ari da erabiltzen Diputazioa".