Candy, berrindustrializaziotik gertuago

Imanol Gallego 2015ko mar. 20a, 12:43

Aldundiko ordezkari Pedro Iturbek eta Agurne Barrusok Luxenburgeko Optimize enpresak Bergaran eskuterrak ekoizteko duen proiektua aurkeztu die gaur, egubakoitza, Candyko langileei. Bergarako udaletxeko pleno aretoan egindako bileran diputazioko ordezkariak ez ezik, aholkularitza teknikoa egin duten arduradunak ere egon dira.

Gipuzkoako Foru Aldundia topatu duen berrindustrializaziorako enpresak eskuterrak egiten ditu, eta Bergaran, beste planta batzuetan egindako piezak muntatuko lirateke. Proiektua gauzatzen bada, Bergaratik irtengo diren eskuterrak elektrikoak izango dira, 800 eta 1.000 watteko indarra dutenak, 95kilometroko autonomia eta 3-6 ordutan kargatzen direnak. 50 zentilitroko potentzia dute eta apenas mantentzerik behar dute.

Eskuter elektrikoaren prototipoek legezko proba guztiak gainditu dituzte.  Europako Batasuneko araudiak homologatuta ditu eta Candyko zuzendaritzak eta langileek oniritzia emanez gero, proiektuaren hasiera berehalakoa litzateke. Diputazioko ordezkariek azaldu dutenez, eskuterraren ekoizpena Candyko langileen prestakuntzari egokitzen zaio.

Enpresa batzordeak bere poza adierazi du berrindustrializaziorako aukera gauzatzeko gertuago dagoelako, baina zuhurtasunez jokatu nahi du, proiektua oraindik aztertzeko fasean baitago.

Bi lan ildo

Aurrera begira bi lan ildo planteatu dizkie langileei: alde batetik, bideragarritasun azterketa sakonagoa egitea eta, bestetik, finantzazio beharrak aztertzea Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats sendoagoak egin ditzan eta Candy berrindustrializatzeko eta 74 langileek lanean hasteko behin betiko proiektua aurkeztu ahal izateko.

Horretarako Diputazioak konpromisoa hartu du datozen egunotan hurrengo epealdirako kronograma zehatza aurkezteko langileei. Barrusoren esanetan, Gabonetan 150 familia kinka larrian zeuden, "langabeziaren atarian, eta gogoratu behar da orain langile talde bat aurretiko erretiro duinarekin dagoela, 74 langile berrindustrializazio honi esker enpleguari eusteko moduan izan litezkeela".

Aldundiko kabinete buruaren iritziz, oraindik zuhur jokatzeko garaia da, baina Candyko berrindustrializazio prozesu honek aurrera egiten badu, "interes kolektiboaren arrakasta izango da, alde guztien konpromisoaren arrakasta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak