Juanje Alberdik, egun Bergarako EAJren zinegotziak eta alkategaiak, Candyko langileei eta aurrera eramaten duten edozein proiektu industrial sendori babesa adieraziaz hasi du gaur goizean egin duten agerraldia.
Esan du jeltzaleak azken hilabeteotan prozesuan zerikusia duten eragileekin bildu direla eta bitartekari lanak ere egin dituztela, baina ez dutela adierazpenik egin. Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiari leporatu dio Candyren inguruko prozesuaren erabilpen mediatikoa egitea: "Prentsaurrekoetan, publizitate instituzionalean eta artikuluetan prozesua bere intereserako ari da erabiltzen Diputazioa. Ez dakigu zein den Aldundiaren interes handiena: langileena edo eurena."
Hala, Aldundiari eskatu diote prozesua komunikabideetatik kanpo uzteko, Alberdik gaineratu duenez, prozesuarendako berarendako kaltegarria izan daitekeelako: "Interesa izan dezaketen enpresak eta inbertsoreak ez dira horrelako publizitatearen lagunak. Askotan, horrelako prozesuak behera etortzen dira era horretako publizitatea egon delako".
"Ez da eredu berritzailea"
Candyko langileek eurek informazio "gutxi" jaso dutela ere gaineratu du Alberdik, eta jaso dutena, komunikabideei iragarri baino minutu gutxi lehenago jaso dutela.
Esan du, baita ere, ez dela egia, Aldunditik dioten moduan, Candyren prozesua eredu berritzailea denik: "Prozesu arrunta da, horrelakoak ehunka egiten dira urtean zehar. Ez daude bi operazio berdin, Candykoaren moduan, bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Baina azkenean prozesuak beti berdinak dira: txostena prestatu eta martxan jartzea".
Era berean, EAJtatik kritikatu dute horrelako operazioetan adituak diren enpresetara jo beharrean Aldundiak unibertsitatera jo duela, eta horrek erakusten duela Gipuzkoako industriarenganako duen interes "kaskarra". Candyren kasuan Diputazioak Eusko Jaurlaritzarekin harremanik nahi ez izatea ere azpimarratu dute jeltzaleek.
EAJtik Candyko langileei babesa emateko eta prozesua errazteko asmoa berretsi du agerraldiaren amaieran Juanje Alberdik.