San Martin plazan eta Muniben artisauak eta txosna; seminarioan talogileak, landare saltzaileak, traktoreak, hegazti batzuk eta euskal txerriaren okela probatzeko postua; Ibargarain, txorimaloak, ganadua eta era askotako produktuak saltzen zituzten postuak. Eta batetik bestera, jendea, herritarrak. Gehienak, gainera, aterkiak etxean utzita, aspaldiko partez.
Txorimaloak
Jardun euskara elkarteak 21. aldiz antolatu du txorimalo lehiaketa. Pinguino detektibea, Simon Arrieta margolaria, sevillarra edo deabru bat dira egin dituzten txorimaloen adibideetako batzuk. "Pozik gaude. Aurten 26 talde aurkeztu dira eta urteetan zehar mantentzen ari den kopurua da, gutxi gorabehera. Talde-lana, parte-hartzea, sormena... Lantzen dituzte gaztetxoak, eta euskaraz, noski", adierazi du Jarduneko Saioa Garitanok. Irabazleak izan dira:
- Esaldi onenaren saria: Mutil onak taldearendako. Esaldia: "Lagunartian, beti euskara gure artian"
- 12 urtetik gorakoen artean talde sarituak izan dira: Mizpirualde egoitza eta 3E taldea
- 12 urtetik beherakoen arteko saridunak: Beleak taldea, Mamimontarrak eta Deabrutxoak
Zozketa
Bestalde, Sare plataformak egindako zozketaren zenbaki saritua izan da: 466