Erabilera da, hain zuzen ere, Berbekin programak sustatu nahi duen esparrua. Horretarako herriko Mariaren Lagundia eta Aranzadi Ikastolak eta Ipintza institutua izango ditu bidelagun, baina ahozkotasun hori benetan indartu ahal izateko esparru zabalago batean aztertu beharreko gaia dela uste dute programaren babesleek.
Soziolinguistika klusterrak garatuko duen programak aintzat hartuko du ñabardura hori, eta orain arte ez bezala, 2017ra arte, hizkuntza irakasleak ez diren irakasleekin egingo dute lan.
Programak hiru fase izango ditu. Behaketa fasea eginda dago eta hasiak dira lehen konklusioak aztertzen. Bigarren fasea formazioan oinarrituko da eta hirugarrena erabakien garaia izango da. Azken honetan finkatuko dira nerabeen ahozkotasuna indartzeko aurrera eroan beharreko ekintzak.