Estreinaldia izanda, gainera, zenbait erakunde eta elkartetako ordezkariak ere izan ziren ekitaldian eta guztiek oroigarria jaso zuten emanaldiaren amaieran. Han izan ziren, esaterako, Martin Garitano, ahaldun nagusia; Jaione Isazelaia, Bergarako alkatea eta Juan Bautista Mendizabal, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakaria.
Aipatzekoa da, bestalde, Alvaro Mendizabal Peñafloridako XVI. kondea ere ikuskizunean izan zela, Madriletik etorrita; eta baita Maria Pilar Uria ere, duela 50 urte Azkoitiko konpainiarekin mozkorraren emaztearen papera egin zuena.
Estreinaldiaren ondoren, beste emanaldi bat ere izan zen, 22:30ean eta gaur beste bi egongo dira: 16:30ean bata –oraindik geratzen dira sarrerak–; 19:30ean bestea –ez dago sarrerarik.