Pozik eta lanerako gogoz hartu du Peio Andrinuak Aitor Arantzabalek lagatako lekua. Kultura etxean egin dute urteko batzarra eta zuzendaritzako aldaketez gain –bi kide atera dira eta beste bi sartu–, halako batzarretan ohikoak direnak egin dituzte, besteak beste, aurreko urteko ekintzen errepasoa eta diru-kontuena.
2015erako aurreikuspenei dagokienez, berriz, gauden urtea ez da edozelakoa izango Jardunentzat. Maiatzean 25 urte beteko dira Bergarako euskara elkartea sortu zutela eta buru belarri dihardute orain horretan. Hain zuzen, urtemugaren aitzakian, iazko urte bukaeran, Jardunen zereginaz eta etorkizunaz hausnartzeko egindako gogoeta prozesuan lau lan talde sortu ziren –sentsibilizazio, komunikazio, aisialdi eta diskurtso taldeak– eta orain arte egindako lanaren zein urtemugaren bueltan dituzten proposamenen berri eman dute gaur goizeko batzarrean.
Irudi berria aurkeztu dute
Zenbait gauza oraindik ere borobiltzeko dauden arren, batzuk zehaztuta dituzte eta horietako bat, batzarrean aurkeztu duten irudia da. “25 zenbakiaz baliatuta, klaketa bat irudikatzen du zinemari keinu eginez; eta 3,2,1... Jardun! leloa ere badarama azpian, datozen 25 urteen hasiera adieraziz”, azaldu du Peio Andrinua lehendakari izendatu berriak.
Horrekin batera, Andrinuak gehitu du urtean barrena zenbait ekintza egitea ere erabaki dutela eta Jardun Eguna ere egongo dela.
Jardunen ekintza guztien berri www.jardun.eus helbidean.