Gaur, Txaloren 100 metro karratu lana izango da, 22:00etan. Zapatuan, berriz, Tartean Teatroaren Pankreas lana izango da, 20:00etan, eta domekan, Eidabe kultura elkartearen Izar eta Zenaida: indar magikoa, 18:00etan. Zabalotegin izango diren hiru lan horiekin amaituko da antzerki zikloa.
Mireia Gabilondo bergararrak eman zion antzerki zikloari irekiera Zazpi aldiz elur antzezlanarekin. Bergarako pilotalekuan izan zen, eta, 25 urtean herrian lanik aurkeztu barik egon ondoren, etxean antzeztera bueltatu da. Honela azaldu zen Gabilondo: "Polita izan zen ikuskizuna eta gustatu zela uste dut. Beti esaten dut nerbio gehien pasatzen nuela gurasoak etortzen zirenean ikustera. Izan ere, gertu-gertukoei gustatzea nahi izaten da".
Maider Osa Bergarako Kultura teknikariaren esanetan: "Jendea gustura egon da saio guztietan, baina lehen antzezlana frontoian izan zen eta ez zen leku aproposena izan. Hotz egiten zuen, sabaian jotzen zuten tanta hotsak entzuten ziren… Horrelako ikuskizunaz gozatzeko antzoki bat erosoagoa da".
Balorazio positiboa
Maider Osa Bergarako Kultura teknikariaren esanetan: "Oraingoz, balorazio positiboa da. Jendeari kosta egiten zaio antzokira hurbiltzea, eta antzerki solteak antolatu beharrean zikloa egiteko apustua egin dugu".