Confebaskeko zuzendari nagusi Eduardo Aretxagaren arabera, Euskadi aspaldiko hazkunde aukera handienaren aurrean dago, industriaren eskutik. Munduan 1.800 milioi pertsona omen dira egun klase ertainekoak, eta 5.000 milioi izango ei dira 2030ean. Norbaitek egin behar ditu horiek kontsumituko dituztenak, dio Aretxagak. Hau Lanbide Heziketarekin lotuz, euskal industriako egungo lanpostuen %71rako Lanbide Heziketa ikasketak behar dira, eta 2020rako %76tik gora izango da kopuru hori, Jorge Arevalo Lanbide Heziketarako sailburuordeak dioenez. Eta ez ei dago nahikoa jende: adibidez, 10 urteren buruan 160.000 pertsona ordezkatu beharko dira, erretiroagatik. Eta hemengo enpresak lehiakor izan daitezen behar omen da jende prestatua. Lanbide Heziketak ematen du prestakuntza hori, eta lanpostua eta soldata ona izateko etorkizuneko apustu segurua dira ikasketa teknikoak, diotenez. Ba emakumeei dagokienez, Lanbide Heziketa egiten ari diren %9 bakarrik ari dira elektronikan, elektrizitatean, mekanikan edo automozioa bezalakoetan. Eta hori aldatu beharra dago, etorkizun hurbilean, 4.0 industrian inteligentzia beharko delako gaitasun fisikoa baino gehiago, besteak beste.
Esan bezala, baina, emakumeek, Lanbide Heziketan ere, oro har, jotzen dute hezkuntza, zaintza edo osasunarena bezalako alorretatik, eta ez espezialitate teknikoetarako gaitasunik ez dutelako, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak dioenez.
Gizarteak, kulturak, tradizioz emakumearekin lotu dituen rolak ei dira horretarako arrazoi; baina gehiago ere badago Lanbideko Lan Aktibaziorako zuzendari Gotzone Sagarduiren esanetan. Ez du uste emakumeek horrela, euren borondatez muzin egiten diotenik lan aukera seguruagoari eta baldintza hobeei. Diskriminazioarekin arrazoitzen du, enpresaburu gizonezkoen mentalitatea aldatzea oso zaila ari dela izaten, eta horrekin batera, adibidez familiaren edo irakasleen eragina aitortu. Hau aldatzeko denen inplikazioa behar dela, horretan bat datoz Jaurlaritza, Lanbide, Emakunde eta Confebask, bakoitza bere esparruan badiharduela gaineratuz.