Urteetako matrikulazio datuak aztertuta, ikusi dute Lanbide Heziketaren eremuan emakumeek "tradizionalki euren lanak izan diren lanbideen ikasketak" aukeratzen dituztela. Egun, esaterako, Euskal Herri mailan fabrikazio mekanikoa ikastea hautatzen dutenen %7a baino ez dira emakumeak. Datu horiekin apurtuz, Bergarako institutuan emakumeen kopurua %30era igo da aurten alor berean, eta datu hori "albiste on" izateaz gain, hausnarketa baten abiapuntu ere bilakatu zen. Jardunaldiok dira hausnarketa haren emaitza.
Hori horrela, Miguel Altunan gaiarekin lotutako hainbat ekimen antolatu dituzte jardunaldiotan.
Egitaraua
Otsailak 24: Irekiera ekitaldia, eta erakundeetako ordezkariekin mahai-ingurua. Besteak beste, Confebask, Emakunde eta Lanbideko zuzendariek beraien departamenduetan emakumea industrian laneratzearen inguruan jarraitzen ari diren lan ildo nahiz estrategiei buruz hitz egingo dute.
Otsailak 25: Soraluze Koop.Elk. enpresara bisita eta enpresetako ordezkariekin mahai-ingurua. Enpresa industrialetan Lanbide Heziketa ikasi duten emakumearen laneratzeari buruz hitz egingo dute, Elay, Soraluze, Fagor Ederlan eta Ulma Packagingeko ordezkariek.
Otsailak 26: Prestatu zure curriculuma tailerra eta ikasle ohiekin mahai-ingurua.
Gainera, jardunaldiek irauten duten bitartean, institutuan bertan, lanerako orientazio zerbitzu berezia eskainiko da, batez ere emakumeei zuzenduta.
Izen ematea
Antolatzaileek adierazi dutenez, izen ematea beharrezkoa da, eta horretarako, institutura bertara joan, 943 76 70 49 edo 943 76 93 94 telefonoetara deitu edo ekitaldia@imaltuna.com helbidera idaztea besterik ez dago.
Informazio gehiago: www.imaltuna.com