Aisialdi gune librea eta ludoteka inauguratuko dituzte Oxirondon

Maialen Torres 2015ko ots. 25a, 16:48

Bergarako Oxirondo azokako eraikina aisialdi gune ere izango da egubakoitzetik aurrera. Izan ere, orduantxe inauguratuko dute eraikinaren bigarren solairua, eta aisialdi gune irekiaz gain, egun Agorrosinen dagoen ludoteka ere izango da bertan.

Azoka Bergaratzen egitasmoaren baitan, Aisialdi gunea sortu dute Oxirondoko eraikinaren bigarren solairuan. Herriko hainbat hezitzaile eta gurasorekin egindako bileretan identifikatutako beharrei erantzuteko asmoz jarri zuten abian proiektua. Bertan azaleratu zen egungo aisialdi eskaintzak daukan "hutsunea", zero eta lau urte arteko umeen tarteari dagokiona, hain zuzen. "Herriko gurasoek espazio bat behar zuten, euren intereseko ekintzak antolatzeko", dio Leire Iruin hezkuntza eta gazteria zinegotziak.

Bi gune

Aisialdi guneak bi espazio izango ditu. Batetik, gune librea deritzona haurrek eta gurasoek elkarrekin gozatzeko espazioa izango da. Era berean, ordea, gune dinamikoa eta parte hartzailea izatea nahi du Udalak, eta ez aterpe huts bat.

Hori dela eta, martxorako dagoeneko prestatu dituzte haur literaturari lotutako hainbat ekintza, besteak beste, hitzaldiak, tailerrak eta ipuin kontaketak. Aurrerantzean, ordea, erabiltzaileen behar eta interesetara egokitutako ekintzak antolatuko dituzte, eta gurasoen inplikazioa eskatu dute horretarako. Gainera, guraso sarea osatu eta euren arteko komunikazioa errazteko, izen ematea eskatuko dute. Bide batez, aisialdi gunearen funtzionamendu arau eta baloreak beteko dituzten konpromisoa bermatuko du izen emate horrek.

Bestetik, egun Agorrosinen dagoen ludoteka ere ekarriko dute Oxirondoko bigarren solairura. Apirilaren 13an zabalduko ditu bere ateak, hiruhileko aldaketarekin batera, ludotekaren dinamikarekin ez apurtzeko. Gune horrek, hezitzaileen laguntzaz, aisialdi gidatua eskainiko du

Egubakoitzean, arratsaldeko seietan inauguratuko dute, eta ludotekako umeek ikuskizuna eskainiko dute bertan. Horretaz gain, ipuin kontaketa ere izango da umeentzat.

Ekintza gehiago

Dena den, dagoeneko hasi dira martxan, eta gaur bertan, ludoteka egongo den espazioan, hitzaldia eskainiko du Juan Carlos Alonso psikologoak. Haur literaturak umeen garapenean duen eragina izango du hizpide, eta batez ere hezitzaile eta gurasoei zuzenduta dago.

Bi guneak astelehenetik domekara egongo dira zabalik. Asteburuetan, ordea, Jarduneko Txapligu taldekoek erabiliko dute ludoteka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak