Candyko enpresa batzordearen mozioa aho batez onartu du Bergarako udalbatzak

Txomin Madina Milikua 2015ko ots. 24a, 15:49

Enpresa batzordeak Bergaran atzo egindako osoko bilkuran aurkeztu zuen mozioak iazko azaroan egindako ezohiko osoko bilkuran onartutako beste mozio batekin du lotura zuzena. Hala, langileek eskatu zuten mozio hartan agertzen zen azken paragrafoa kentzea. Paragrafo horrek zioen Udalak ez duela inondik inora ere Candyren jabetzako lurrik birkalifikatuko alde sozialaren, hau da, langileen adostasunik gabe.

Udalbatzako alderdi guztiek babestu zuten atzoko Bergarako osoko bilkuran Candyko enpresa batzordeak aurkeztutako mozioa. Bertan eskatzen zen 2014ko azaroan egindako ezohiko osoko bilkuran aurkeztu zuten mozioari azken paragrafoa kentzea. Paragrafo horrek zioen Udalak ez duela inondik inora ere Candyren jabetzako lurrik birkalifikatuko alde sozialaren, hau da, langileen adostasunik gabe. "Arazo administratiboak dituzte, nonbait, eta horiek ekiditeko, eskaera hori egin zuten. Langileek aurkeztu dutenez, guk onartu egin dugu", azaldu zuen Jaione Isazelaia alkateak.

EAJko bozeramaile Aintzane Oiarbidekadierazi zuen mozioa babestu zutela ez ados daudelako, langileek eurek hala eskatu zutelako baizik. Hainbat ñabardura egin zituen gainera zinegotzi jeltzaleak: "Esan dugu ez dugula lursail hori birkalifikatuko. Arriskua, gainera, langileena da, eta laguntza beharko dute. Beste alde batetik, ez dugu oztoporik jarriko proiektuek aurrera egiteko; hori bai, proiektua sendoa izatea gura dugu, bideragarria eta etorkizuna izango duena".

Alderdi sozialistako zinegotzi  Mari Carmen Barrenetxeak, bestalde, adierazi zuen eurek ez dutela langileen babesik gabe Udalak lurrak brikalifikatzerik onartuko: "Candyren prozesuari buruz hainbat zalantza ditugu. Baina, langileek gure aldeko botoa izango dute, boto horrek herriaren berrindustrializazioa babesten eta balioan jartzen badu eta Deslozkalizazioa eta lanpostuen galera ekiditen baditu".

 "Ez dugu birkalifikaziorik onartuko"

Alkateak gaineratu zuen, era berean,  ez dutela Candyren jabetzako lurrak birkalifikatzeko asmorik: "Tramite oso luzea da benetan, eta borondate politiko handia egon behar da horren atzean. Plan Orokorraren aldaketak eskatzen du tramite oso luzea, eta talde politiko guztiok bat gatoz: ez dugu birkalifikaziorik onartuko ".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak