Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Mari Carmen Barrenetxea izango da PSE-EEren alkategai Bergaran

Maialen Torres 2015ko ots. 11a, 19:00

Mari Karmen Barrenetxea izango da PSE-EEko alkategaia Bergaran aurtengo udal hauteskundeetarako. Ohiko boto-emaileen aurrean aurkeztu du bere hautagaitza, PSE-EEren lokal berrituan. Egungo udal gobernuaren lidergoari kritika egin dio batetik, eta horren aurrean, alderdiaren proposamenak azaldu ditu.

Mari Karmen Barrenetxea hirugarrenez izango da Bergarako PSE-EEren hautagaia alkatetzarako. Bi legealdi daramatza zinegotzi lanetan, eta haren esanetan, zerotik hasi zen arren, asko ikasi du urteotan. Hirugarren aldia izanda ere, ilusioz jarraitzen du lanerako. Denis Itxaso, Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako PSE-EEko hautagaia, ere bertan izan da, Barrenetxearen hautagaitza babesten. "Bergarako herritarrak zerbitzatzea erronka bat da. Baina bereziki apalenei, pertsona nagusiei, langileei, langabezia egoeran daudenei eta gure herria osatzen dugunoi zerbitzatzeak ilusioz betetzen nau", azaldu du Barrenetxeak.

Esan du, baita ere, udal politikak aplikatzeko modua ez dela inposaketa izan behar, eta hondakinen bilketari dagokionean, egungo Udal gobernuak hala jokatu duela."Ez dute jakin herritarrei entzuten, eta atez atekoa da horren eredu. Ikusi dugu herritarren gehiengoa sistema horren aurka dagoela, baina eurek euren bidetik jarraitzen dute, inposaketa gogor batekin. Beraz, nahiz eta egun osoa garbitzen pasa, zikin dago herria", argudiatu du Barrenetxeak.

Hori dela eta, aipatu du, alkatetzara iritsiko balitz, bere lehen proposamena atez atekoa alde batera utzi eta bosgarren kontenedorea ezartzea izango litzatekeela, hori bai, herritarrek hala nahi badute. Horrez gain, esan du ahulenen alde egingo duela lan, zaharren egoitzaren egoera hobetuz eta gazte, langabetu eta ekintzaileei lagunduz, besteak beste.

Azkenik, herritarrei laguntza eta babesa eskatu die, PSE-EEk proposatutako proiektua aurrera eramateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak