San Joxepeko informatika gela berritu dute

Maialen Torres 2015ko ots. 11a, 08:57

Bergarako San Joxepe jubilatuen elkartekoek ofizialki inauguratu dute informatika gela berritua. La Caixa fundazioaren, Bergarako Udalaren eta San Joxepeko kideen arteko elkarlanari esker amaitu dute proiektua.

San Joxepe elkartekoek aspalditik zuten buruan informatika gela egokitzea, baina irailean ekin zioten lanari. Tarte horretan, distribuzioa egokitu eta materiala berritu dute, besteak beste. Ordenagailuak La Caixa fundazioak eman dizkie.

Mahaiak, aulkiak eta pantaila San Joxepe elkarteak jarri ditu, baita eskulana ere. Azaldu dutenez, bakoitzak egiten dakiena eginez egin dio bere ekarpena proiektuari. Bergarako Udalak ere izan du bere rola auzolanean, ikastaroetarako erabiliko den proiektorea eskainita.

Hiru aldeak pozik agertu dira azken emaitzarekin, batez ere San Joxepekoak. Izan ere, aitortu dute, beste ekintza batzuen artean, informatika gela ere euren altxorretako bat dela.

Aurreko instalakuntzen aldean, oraingoan lau pertsona gehiagorentzako tokia izango da, hain zuzen, ikastaroek duten arrakastagatik. "Betidanik ibili izan da jende asko ekintza honen bueltan" dio Iñaki Zabala San Joxepe elkarteko zuzendariak, "ni hemen nagoenetik, 2.500 pertsona inguru pasa izan dira hemendik urtean zehar". Udalak ere "altxor" gisa ikusten du informatika gela berritua "jende nagusi askok ikasi eta praktikatzeko aukera dauka hemen, eta horiek guztiek jasoko dituzte proiektuaren onurak", dio Jaione Isazelaia alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak