Mesias elizako musika obra ezagunenetakoa, eta zapatuan, Bergarako Orfeoiak eta emanaldirako sortutako ganbera orkestrak konposatzaile alemaniarraren partitura are handiago egin zuten. Jendeak gogoz hartu zuen Orfeoiaren gonbita, eta San Pedro ia goraino bete zen.
Kanpai hotsak entzun eta gero, aldaren nagusiko eskailerak Orfeoiko kidez bete ziren, eta hauen azpian orkestra. Bianek batuta altxatu eta lehen akordeen oihartzunak parrokia bera handitu zuten. Ordu eta erdian, musikari eta abeslariek oso konplexua den partitura ongi baino hobeto interpretatu zuten, "gu pozik gaude eta uste dut jendeak disfrutatu egin duela", dio Orfeoioko kide Karlos Etxanizek.
Jendeak arretaz jarraitu zuen emanaldia eta Händelek idatzitako ahots eta nota baino ez ziren entzuten. Zenbait zatitan gainera, Nere Ibarra sopranoa, Oihana Diaz kontraltoa, Gorka Unamuno tenorea eta Karlos Etxaniz baxua bakarlari bezala aritu ziren.
Stoltz-Frères organoaren alde
Kontzertuak gainera helburu solidarioa izan zuen, sarreren salmentatik lortutako irabaziak parrokiako organoa konpontzeko izango baitira. "Ederra da herriko taldeek altxor hau konpontzeko egiten ari diren ekitaldiak", esan du kultura zinegotzi Leire Iruinek.
Jendearen prestutasun eta txaloak eskertzeko, Orfeoi eta orkestrak Aleluia eskaini zuten berriro.