Batzarra amaitu eta prentsaren aurrean egindako agerraldian esker hitzak izan dira Bergarako EH Bilduren zerrendaburu aukeratu berriak, Agurne Barrusok, egin dituen lehenengoak eta, ondoren, duela hilabete batzuk herritarrekin batera abiatutako prozesuaren gaineko azalpenak eman ditu. Prozesuak bi helburu dituela azaldu du: "Alde batetik, EH Bildu lau alderdiren batura izatetik harago joatea eta Bergarako ezkertiar eta abertzaleen bilgune izatea". Hain zuzen, bide horretan gaurko batzarrarekin urrats handia eman dutela argi geratu dela uste du Agurne Barrusok.
Bigarrena udal hauteskundeekin lotuta dago: "Programa sendoa osatzea, Bergarara egokituko den programa egitea da bigarren helburua", esan du Barrusok. Horren haritik, gaurko batzarrean 100 lagunek parte hartu dutela eta "ekarpen pila bat" jaso dituztela azaldu du eta "helburuak betetzen" ari direla uste du.
Aurrera begira, "poltsa bete lan" dutela ere esan du: "Programa hori datozen asteetan borobilduko dugu eta ahalik eta herritar gehienekin egon nahi dugu programa Bergarari benetan egokitu dakion". Lan horren zati handi bat berari egokituko zaiola azaldu du Barrusok eta gogoz dagoela.
Udal hauteskundeetako zerrendari dagokionez, otsailaren 21ean egingo duten hirugarren eta azken herri batzarrean berretsi nahi dutela azaldu du, herri programarekin batera.
Gaurko herri batzarrean 100 lagunek hartu dute parte zerrendaburuaren hautaketan.