Bergarako Ibarra kaletik Tavesa enpresaren lursailen mugaraino iristen den bidegorri zatia inauguratu du gaur Larraitz Ugartek, Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak. Tarte horrekin, Bergara eta Elorregi arteko bidegorri sarea ia amaitutzat ematen da; bakarrik Tavesa enpresaren lursailen eta Elorregiko biribilgunearen arteko 500 metroak egitea faltako zen. Tarte horrek arazoak eman dizkio Aldundiari, izan ere desjabetzea egiteaz gain, lurra kutsatuta dago eta horri konponbidea jarri behar diote. Lurrak desjabetzeko administrazio lanekin hasiak dira, baina oraindik ere luzerako joko dutela esan du Ugartek.
2,6 kilometroko zatia inauguratu dute gaur eta oso pozik agertu dira Bergara eta Arrasateko udal ordezkariak. Ugartek azpimarratu du eskualdea bidegorriz lotzearen garrantzia, gainera, proiektua hasiera batean baino merkeago egitea lortu dute. Printzipioz 2 milioi euro inguruko obra bat izan behar zena, proiektua berraztertu eta gastuak murriztu ostean, 740,000 euro inguru ordaindu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Behin, Eskoriatza eta Bergara bidegorriz lotuta eta Elorregi eta Oñati arteko bidea amaituta; Bergara eta Antzuola arteko tartea faltako zen Debagoieneko bidegorri sarea amaitzeko. Azken tarte hori autobidearen obrekin bat doa eta Jaione Isazelaiak, Bergarako alkateak, azpimarratu nahi izan du bidegorriaren azpitik ere hoditeria aldatuko dutela ur zikinak araztegira bideratzeko.
Autobus geltoki berria
Horrez gain, Elorregiko autobus geltoki berriaren inguruan ere jardun da Mugikortasun diputatua. Oraindik markesina jartzea falta bada ere, autoentzako aparkamendua eta autobus geltokia inauguratu ditu.
Martxoaren 1etik aurrera jarriko da martxan geltoki berria, eta Oñatiko eta Antzuolako herritarrentzako onura handiak ekarriko ditu. Izan ere, bi autobus zirkular egongo dira eskualdeko herriak konektatzen eta ordu erdiro pasatuko dira bai Antzuolatik baita Oñatitik ere; zirkularrak eskualdeko herriez gain Legazpi eta Zumarraga lotuko dituzte.
Etorkizunean eskaripeko zerbitzua izango dela esan du Ugartek. Momentuz baina, sistema hori martxan jarri bitartean, autobus guztiek bertan parada egingo dutela argitu du.
Bai bidegorri sarearen obrak eta autobus geltokiarena, mugikortasun paradigma berri baten aldeko apustua dela esan du gaurkoan.