Bergaran, lehenengoz, antzerki zikloa egingo dute, otsailaren 20an hasita. Heldu zein haurrentzako emanaldiak izango dira bertan, eta Jardun euskara elkarteko haur antzerki eskolaren emanaldia ere bai. Hilero elkartzen den Kultura batzordetik jaio zen lehen antzerki zikloa antolatzeko ideia. Izan ere, hilero gai bat izaten dute hizpide, eta iaz egin zuten azken bileran antzerkiaz jardun zuten.
Horretarako, antzerkiaren munduan diharduten edo antzerkia kontsumitzeko ohitura duten herritarrak bildu zituzten. "Orain arte, antzerki eskaintza urte osoko programazioan galtzen zen, eta ziklo honekin hori guztia batu nahi izan dugu", dio Kultura zinegotzi Leire Iruinek.
Zortzi antzezlan
Lehen edizioan, guztira, zortzi antzezlan izango dira, otsailaren 20tik martxoaren 1era bitartean. Ttanttaka antzerki taldearen eskutik, Zazpi aldiz elur antzezlanarekin ekingo diote zikloari. Udal Pilotalekuan egingo dute, 22:00etan. Gainontzeko saioak Zabalotegin egingo dituzte, Barry Barrez bakarlariarena izan ezik, hura udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango da-eta. Umeentzako eskaintza ere egongo da zikloan zehar, eta antzezlan guztiak euskaraz izango dira.
Antzezle profesionalez gain, lehen mostra honetan Jardun euskara elkarteko haur antzerki eskolak ere bere emanaldia egingo du. Horretan, herriko 13 neska-mutikok Autobusa antzezlana eramango dute Zabalotegiko oholtza gainera.
Sarreren prezioa
Helduen antzezlanetarako sarrerek 8 euro balio dute eta umeentzakoek, berriz, 4 euro. Sarrerak otsailaren 10ean jarriko dituzte salgai, eta 10:00etan Internet bidez eta 17:30ean kultur etxean, hain zuzen ere.
Gainera, sarri joateko asmoa dutenentzat, helduen antzezlanerako bonoa ere jarriko dute salgai otsailaren 10ean, lau emanaldi hiruren prezioan ikusteko.
Datorren astean eskuorriak banatuko dituzte zenbait taberna eta komertziotan, eta kartelak jarriko dituzte kaleetan.
Egitarau osoa
Zazpi Aldiz Elur (Mikel Laboa Elurretan)
Otsailak 20, ostirala
22:00 Udal Pilotalekuan
Lagun arteko bilgune baten antzeko zerbait da; denok daukagu, gure gogoan neguko gau elurti batean bizi izandako pasadizoren bat seguruenik; leihoetatik sartzen den argi-zuriaren reflejoak adierazten digu elurrez inguraturik gaudela... Denbora gelditu ez baina beste "tempo" ezberdin bat markatzen digu, paretan eskegitako erloju zahar batek bezala, lasaitasunez “tik, tak... tik... tak...” Argi bero eta txiki bat piztuko dugu eta elkarrekin egoteko gogoa sentitzen dugu, barre egitekoa, elkar begiratzekoa... norbait istorio bat kontatzen hasiko da eta besteei entzuteko griña pizten zaie, besteak akorde batzuk ferekatuko ditu, eta konturatu orduko denok kantuan hasiko gara; Laboaren kantu bat, noski. Eta kontatuko direnak Mikelen nahiak, Mikelen bizipozak, Mikelen gauza intimoak, pertsonalak eta ezezagunak izango dira. Eta nola ez... Ausardiaz, berak egiten zuen bezala, esperimentatu, jolastu, hitz egin, isildu... aske sentitu eta aske sentiarazi.
Arren Ganbara Emeen Sotoa
Otsailak 21, zapatua
20:00 Zabalotegi aretoan
Ganbaran arrak bizi dira,arrentzat arrek sortutako munduan. Sotoan berriz emea, zoritxarreko egun batean sortutako “akatsa”. Goian jaun eta jabe. Behean kateak eta iraultza. Gela biak inkomunikatuta daude, ez dago nahasterik. nola etorriko da orduan, aldaketa ekarriko duen oinordekorik. Ar-gezurrekin eta muturreko matxismoan hezitako seme gizajoak iraultzarako aukera bakarra itoko du nahigabe. Guztiak teatroaren tranpan eroriko dira. Botereak agerian utziko ditu bere biziraupenerako mekanismoak zeintzuk diren.
Mollie Malonen Ipuin Sinestezina
Otsailak 22, domeka
18:00 Zabalotegi aretoan
Mollie Malonen aitonak bere baratza zoratu dela dio; tomateak behar baino lehenago gorritu direla, izozte batek letxugak alferrik galdu dizkiola, babarrunak ez direla loratzen.... Beraz, bere biloba Mollie liburutegi batera bidali du zer gertatzen ari den jakitera, baina liburutegi hau ez da edozein liburutegi..., oso liburutegi berezia da!!! Liburua aurkitu duenean, erdi ezkutuan dagoen ate bat ireki eta mundu berri bat azaldu zaio. Hortik barrena, mundu arraro horretatik egingo duen bidaian, txori mokoluze hizlari bat ezagutuko du. eta beste zenbait pertsonaia arraro, denak laster etorriko den gertaera arriskutsu baten ikaran. Nondik atera ote dira? Zer ote arrisku beldurgarri hori?... Gehiago jakin nahi baduzu, zatoz Mollie Malonen abentura sinestezinean bidaiatzera.
Barry Barrez
Otsailak 25, eguaztena
19:00 Pleno aretoan
Barry Manley Irlandarra, 50 urte, hauetatik erdia gurean igaro ditu. Pedagogian lizentziatua, Marketing masterra, idazlea eta euskararen defendatzaile sutsua. Euskaraz egindako umorea dakar Barryk. Bizipen pertsonaletatik abiatuta inprobisazioa erabiliz entzuleekiko gertutasuna bilatzen du. Komedia aldarrikatzen du emanaldietan. (sarrera doan)
Autobusa
Otsailak 26, eguena
18:00 Zabalotegi aretoan
Bergarako 13 neska mutikok osatzen dute Jardun euskara elkarteak antolaturiko haur antzerki eskola. Autobusa antzerki emanaldia haurrek beraiek sortu dute. Amaia Arriaran gidari dutela sormena eta antzezpena lantzen dute eta asteroko entseguetan gogor aritzen dira. Gogotsu erakutsi nahi digute beraien lana. Guk gozatu besterik ez.
100 m2
Otsailak 27, egubakoitza
22:00 Zabalotegi aretoan
Sara pisu bila dabil eta azkenean gustukoa lortuko du prezio eta leku onean, baina badu zerbait gaizki datorkiona, bertako jabeak bertan bizi beharko du bere azken egunera arte. Etxearen jabeak 65 urte ditu eta bihotza oso ahuldua dauka, zigarroak etengabe erretzen ditu eta momenturo, gelditu gabe edaten du. Beraz panorama hau ikusita, Sarak pisua erostea erabakitzen du eta andrearen azken eguna noiz iritsiko zain geldituko da. Egun hori ez da iristen…..eta egoera larritzen joango da. Emozioz eta adiskidetasunaz betetako eszena dibertigarriak ikusiko ditugu KOMEDIA eder honetan.
Pankreas
Otsailak 28, zapatua
20:00 Zabalotegi aretoan
Zer egingo zenuke lagun baten bizia salbatzeko? Zer emango eta zer gordeko zenuke? Komedia honetako hiru lagunek auzi honi eman behar diote erantzuna. Gau zoro batean, ezusteko gertaerak bata bestearen ondoren etorriko dira, fisika modernoaren axioma bati men eginez: gerta daitekeen guztia gertatu egiten da noizbait. Pankreas endreduzko komedia da. Hiru gizaseme zorioneko eta zorigaiztoko, bizitza eta heriotzaren mugetan ekilibrioak egiten, muturreko egoera batean norberaren beldur, adore, eskuzabaltasun, zekenkeria, gezur eta noblezia agerian utziaz. Pisu handiko arazo eta auziak, komediaren bidez zerbitzaturik, ikuslearen gozamenerako. Komedia honek, badu, gainera, balore gehitu nabarmena: bertsoz egina dago. Hauxe da, salbuespen anekdotikoren bat kenduta, lehenengo euskarazko antzezlana bertsoz paratua. Ez da gutxi. Bertsoak, deklamazio eta errezitaziotik erabat urrunduta, naturaltasun eta errealismoz.
Izar eta Zenaida: indar majikoa
Martxoak 1, domeka
18:00 Zabalotegi aretoan
Keator maltzurrak kaosa eragin du. Mundua birrintzen ari da, dena hankaz gora dago, Iparra Hegoan eta Hegoan Iparran. Anabasaren erdian Izar euskaldun neska eta Zenaida kubatar gazteak elkar ezagutuko dute. Elkarri eskua ematen diotenean botere magikoa dutela ikusiko dute, biek batera bat eginez elkartasunaren indarra baitute. Lortuko ote dute Izar eta Zenaidak elkartasunaren botereaz gaiztakeriari aurre egitea? Zein izango da indartsuago eta boteretsuagoa, Keatorren zekenkeria ala Izar eta Zenaidaren elkartasuna? Elkartasunaren indarrak ekarriko al du mundua bere onera? Lortuko dugu elkarrekin geure eskuen boterearekin!