Bergarako Udalak, herriko tabernek, Musika Eskolak, Jardun euskara elkarteak eta Bedelkarrek herri batukada antolatu dute otsailaren 17rako, aratuste martitzenerako. Gaur egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, helburua da azken urteotan beherantz egin duen eguna berriz ere indartzea.
Batukadan helduek zein umeek, denek hartu ahalko dute parte, eta mozorrotuta joateko deia egin dute aurkezpenean. Batukada prestatze aldera, danborrak egiteko tailerrak egingo dituzte urtarrilaren 30ean eta otsailaren 1ean. Oxirondoko azokan izango dira tailerrok, bi egunetan, 17:30ean hasita.
Entseguak ere egongo dira, Musika Eskolako perkusio irakaslea den Aitor Aranburuk gidatuta. Otsailaren 3an eta 10ean 19:00etatik 20:00etara izango dira entseguak; eta otsailaren 5ean eta 12an, 18:00etatik 19:00etara. Entsegu hauek udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango dira. Otsailaren 16ean, bestalde, 18:00etan, entsegu orokorra egingo dute Errege Seminarioko karpan.
Dendariak eta tabernariak
Bedelkar elkartekoek, Aratusteetako martitzenean kaleko giroa handitzeko, girlandak jarriko dituzte erakuslehioetan eta herrian. Tabernariek, bestalde, batukada bukatzean zerbait beroa eskainiko diete parte-hartzaileei.