Errege opila, belaunaldiz belaunaldi

Maialen Torres 2015ko urt. 5a, 17:48

Bihar izango da errege eguna eta bazkalostean ez da errege opilik faltako Debagoieneko etxeetan. Horretarako baina, gaurtik hasita, jo eta su lanean dabiltza gozogileak. Bergarako Larrañaga gozotegian familia bereko hiru belaunaldik bat egin dute gaurko egunez, jaso duten errege opil eskaerari erantzuna emateko.

Aspalditik datorren ohitura da errege opilena eta, gainera, Larrañagatarrek aitortu dutenez, urtetik urtera indartuz doana. Agustin Larrañagak du orain gozotegiaren ardura, baina berak baino lehen familiako beste hiru belaunaldik egin dute lan bertan. Haren aita, Migel Larrañaga, hamabost urte zituenetik aritu izan da gozogintzan, eta gaurkoa bezalako egunetan ere oraindik laguntzen dio semeari, jubilatuta egon arren, eta gustura gainera. “Neure bizi guztia hauxe da”, aitortzen du.

Migel Larrañagak dio garai batean errege opila bere horretan nahiago izaten zutela bezeroek, gosaritan jateko. Orain berriz, kremaz edo esnegainez betetakoek arrakasta gehiago dute. Baina kontsumo ohitura bakarrik ez, lanerako baliabideek ere izan dute bilakaera. “Geure denboran ez genuen horrelako hozkailurik eta tresnarik izaten, eta dena eskuz egiten zen. Adibidez, orea hozkailura sartu ordez, terrazan jartzen genuen, harrotu  zedin” oroitzen du Migel Larrañagak.

Betikoa zein esnegain edo kremaduna izan, argi dago etxe askotan gaur eta bihar errege opilak protagonista izango direla otorduetan. Zein da, ordea, errege opil on baten sekretua? Larrañagatarrek diote eurenak lehengai onekin eta etxean eginak direla, eta ez dagoela sekreturik. Baina, hain zuzen, horixe da opil bakoitza berezi egiten duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak