Osoko bilkuren aretoa txiki gelditu da Alai taldearen emanaldian

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko abe. 14a, 15:21

Bergarako Alai taldeak 43 urte bete ditu aurten eta euren ibilbidea jasotzen duen kontzertua eskaini zuten zapatuan osoko bilkuren aretoan. Herritarren ikusmina piztu zuen kontzertua izan zen eta jendez bete zen aretoa; atearen kanpoko aldean ere herritarrak zutik egon ziren otxotearen emanaldiaz gozatzen.

Alai taldearen hasierako emanaldiak kalean izan ziren: Santa Ageda egunean eta Gabonetan kaleak girotzen ibiltzen ziren. Gerora, herriko auzoetako elizkizunetan eta hainbat ezkontzatan ere parte hartu dute. Ibilbide horrek isla izan zuen kontzertuan.

Elizako kantu birekin eman zion otxoteak hasiera; Lorenzo Perosiren O Salutaris Hostia eta Bepi de Marziren Signore delle cime abestiak kantatu zituzten lehenengo. Bost bat kantu herrikoi abestu zituzten gero; Alberto Mitxelenaren Ai hori begi eder eta Pablo Sorozabalen Maite, besteak beste. Deep river abesti beltz espiritualaren gaztelaniazko bertsio bat egin zuen ostean taldeak estreinakoz. Santa Agedako pare bat kantuk ere ez zuten hutsik egin errepertorioan eta Gabonetako beste bi abesti ere kantatu zituzten. Agur Jaunak kantuarekin borobildu zuten kontzertua eta publiko guztia zutik jarri zen abesti horren hasieran.

Herritarrak gustura

Txalo zaparrada luzeak jaso zituzten herriko abeslariek eta kontzertuaren amaieran herritarren zorionak eta esker hitzak jaso zituzten protagonistek. "Zoragarria izan da. Taldea aspaldikoa da eta niri betidanik gustatu izan zaizkit abestu dituzten euskal kantuak", azaldu zuen ikus-entzule batek kontzertuaren amaieran. "Asko gustatu zait.Errepertorioa egokia izan da nire ustez; Gabonetako kantak, Santa Agedakoak... Herrian ez dute sekula hutsik egiten eta espero dut jendea herrian eta baita herritik kanpora ere konturatzea zer daukagun bertan", zioen beste batek. Otxoteko kideak ere gustura gelditu ziren emanaldiarekin.

Justo Idigorasi esker hitzak

Alai taldeko zuzendari Xabier Olabarriak Justo Idigoras izan zuen gogoan zapatuko kontzertuan, urte askoan euren zuzendari bezala egindako lanagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak