Antigoaleko objektuak eta bitxikeriak enkantean Emausen

Maialen Torres 2014ko abe. 12a, 16:55

Emausek, Gabonetara begira, antigoaleko objektuen enkantea jarri du martxan. Aurten lehenengoz egingo dute Arrasaten, eta abenduaren 18ra arte jasoko dituzte dendan bildutako objektu bitxiak eskuratzeko eskaintzak.

Bost urte baino gehiago daramatza Emaus Gizarte Fundazioak Gabonetan enkanteak antolatzen, baina aurten izango da lehen aldia Arrasateko dendak ere parte hartzen duena. Dena prest dute dagoeneko, eta lehen eskaintzak ere jaso dituzte. Emauseko kide den Manu Mendezen esanetan, aukera bikaina da Olentzerori opari berezia eskatzeko, eta horregatik egin du parte hartzeko deia.

Tresna guztiek irteera prezio bat izango dute, antzinako objektuetan adituak diren pertsonek finkatuak, eta hortik abiatuta, edonork egin ahal izango du bere eskaintza, dendetan bertan dauden kaxetan. Arrasaten abenduaren 18ra arte jasoko dituzte eskaintzak, baina enkantea bera abenduaren 23an izango da, orduan irekiko baitituzte kaxak. Orduan, preziorik altuena eskaini duenak eskuratuko du objektua. Gainontzekoek, berriz, eskaintza egiterako unean ordaindutako fidantza berreskuratu ahal izango dute.

Enkanteak, ordea, badu aldarrikapen kutsua ere. Izan ere, Mendezek ez du aipatu gabe utzi nahi izan fundazioaren izaera solidarioa, eta gizartera begira betetzen duen funtzioa. "Guk jasoko ez bagenitu, orain enkantean ditugun altxor hauek zaborretara joango lirateke", dio. Objektuei bigarren bizitza bat emateaz gain, Emausek gizarteari eta ingurumenari ere egiten die ekarpena.

Bildutakoen artean, gainera, hainbat objektu berezi dituzte. Besteak beste, teleskopio bat, oraindik martxan den gramola bat eta kalkulagailu mekaniko bat.

Interesa duenak, Arrasateko, Irungo eta Donostiako dendetan aurkituko ditu enkantean jarri dituzten bitxikeriak, baina bertaratzerik ez dutenek, online katalogoa ere begiratu dezakete. Emausen webgunean bertan jarri dute ikusgai, eta denda bakoizteko objektuak erakusten ditu, argazki, deskribapen, hasierako prezio eta guzti. Hori bai, zerbait erosteko eskaintza egin nahi duenak, dendara bertara joan beharko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak