"Larunbatean Libre herri ekimenak antolatu duen mobilizazioarekin bat egiten dugu. Iruditzen zaigulako, epaiketa politikoen aurka egitea, bakearen alde egitea dela. Espero dugu, larunbatean kolore eta ideologia anitzetako ehunka debagoiendarrekin batera kalean elkartzea, auziperatu guztiei babesa ematea eta epaiketa politikoak gelditzeko konpromisoak hartzea", azaldu zuen Ernaiko Amaia Etxabek Artatsen emandako prentsaurrekoan.
"Konponbidearen alde, kalera"
Adierazi zuten baita ere, azken asteburuan ezagutu diren ikerketa soziologiko eta inkestek erakutsi dutela "inoiz baino euskal herritar gehiago" direla euskal estatu independentea nahi dutenak. Eta gaineratu zuten euren ustez Euskal Herrian dagoen konponbide nahia herritar guztiena dela: "Euskal herritar gehienek, kolore politiko bat edo beste izan, konponbide prozesuarekin bat egiten dute. Gehiengo oso zabala osatzen dugu preso eta iheslarien eskubideak errespetatu behar direla diogunak; gehiengo zabala gara Euskal Herriak bere etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea duela pentsatzen dugunak; eta gehiengoa gara epaiketa politikoak amaitu behar direla esaten dugunak", azaldu zuen Sortuko ibai Redondok.
Azaldu zuten, baina, espainiar estatuak ez dituela gatazka politikoak utzitako ondorioak konpondu nahi, "beldur" diolako bere etorkizuna erabaki nahi duen herriari. Eta gogoan izan zituzten Madrileko Audientzia Nazionalaren erabakiaren menpe dauden debagoiendarrak: "Aittor Aranzabal, Ino Galparsoro, Mikel Garaiondo, Aitziber Plazaola eta Mikel Zubimendi debagoiendarrak Madrileko Auzitegi Nazionalaren erabakiaren menpe daude. Ezker abertzaleko kide izatearren epaitzen dituzte, ez dituzte delituak epaituko, ideia politikoak baizik. Ideia politikoengatik pertsonak epaitu, torturatu eta kartzelaratzen dituen estatua erabat faxista dela deritzogu", adierazi zuen LABeko Jose Ramon Kortabarriak.
Horrez gain, ezker abertzalearen elkarte, lokal eta tabernak ixteko arriskuan daudela ere gogora ekarri zuten eta gaineratu zuten euren erakundeak ere jo puntuan daudela, Confebasken LAB sindikatuaren ilegalizazio eskaera jarri zuten adibide gisa.