Bergarako kaleetan aparkatatuta dagoen kotxe kopurua gutxitzeko helburuarekin, Kotxea garajean izeneko programa jarri zuen martxan Bergarako Udalak 2014ko martxoan. Lehen urtean ekimenak izan duen harrerarekin pozik daude sustatzaileak.
Datuak dira, besteak beste, 4.343 garajetatik 703k hartu dutela parte aurten; ehuneko hamaseiak, hain zuzen. Programan parte hartzen duten ibilgailuek %75era arteko hobariak jasotzen dituzte garajearen kontribuzioan. Diru hori kobratzeko udaletxetik pasa beharko dira parte hartzaileak.
Dirutan 17.000 euro, bonutan 19.000 euro
Udalak guztira 17.000 euro pasako hobaria ordaindu die 2014an egitasmoan parte hartu dutenei. Baina hobaria dirutan izan beharrean bonutan jaso ezkero eta bosteko multiploetara borobiltzean, 19.000 eurora iritsiko litzateke Udalak ordaindutako kopurua. Bonu horiek Bergarako dendetan gastatzeko dira eta beraz, herriko ekonomia suspertzearen aldeko apustua egitera gonbidatu die Udalak bergararrei. Dirutan itzuliko dira 24 euro bataz beste eta bonutan, berriz, 27 euro bataz beste.
464 aparkaleku libre
Udalak dituen datuen arabera datorren urtean aurten baino sei auto gehiago egongo dira herrigunean, eta 77 garaje pribatu gehiago. Horrek esan gura du, auto guztiak garajean sartuko balira, 71 aparkaleku gehiago egongo direla libre 2015ean. Hau da, guztira 464 aparkaleku egongo lirateke libre herrigunean.
Herria sei zatitan banatu dute: Bergarako Iparra, erdia eta hegoa, Bolu, Angiozar eta Osintxu. Programan parte hartzen duenak bere gunean kotxea kanpoan ez uzteko konpromisoa hartzen du, eta gunearen arabera kolore bat edo bestea izango duen pegatina jarri beharko du kotxean, udaltzainen presentzian. Gero udaltzainek eroango dute programaren kontrola. Izena emateko ere udaltzaingotik pasa beharko da.