Bergarako EAJko udal batzarreko presidente Victoriano Gallastegik baieztatu du gaur ofizialki. Juan Jesus Alberdi izango da alderdiaren alkategaia maiatzeko udal hauteskundeetan. Bergararrak 2011. urtean ekin zion zinegotzi lanari, eta geroztik udal kudeaketan bildutako esperientzia azpimarratu dute haren izendapenean. Hautagaiak, gainera, alderdiaren babes osoa jaso du, afiliatuen asanbladak "aho batez" onartu baitu haren hautagaitza, Gallastegiren esanetan.
Alberdik, bere aldetik, irmo azaldu du zein den datozen hauteskundeetarako alderdiaren asmoa "talde indartsu batekin lidergoa hartu eta azken 4-8 urteetan egon den lidergo eta proiektu faltari irtenbidea eman nahi diogu, epe luzerako proiektuen bidez", esan du. Gaineratu du herriari indarra eman nahi diotela, "berpiztu" dadin.
Hautagaitza aurkeztearekin batera, kritika egin dio egungo gobernu taldeari, esanez, azken urteetan noranzko falta izan duela, eta proiektu sakonik ez dutela landu. Horrenbestez, noranzko egokia finkatu eta udalaren baliabideak modu eraginkorrean erabiltzeko asmoa du Alberdik. "Badago erronka handi bat herrigintzan, eta uste dut ekarpen garrantzitsua egin dezakegula arlo horretan", azaldu du alkategaiak.
Aurrera begira
Oraindik ez dute zehaztu hauteskundeetarako euren programa zein izango den, baina oinarrizko lehentasun edo ildo nagusi batzuk argi dituzte, hala nola, enplegua sustatzea, gardentasuna eta gertutasuna. Horrez gain, Alberdik azaldu du, programa zehazteko prozesuan, datozen hilabeteetan herritarrekin eta eragile sozialekin elkarlanean jardungo duela, euren esperientzia eta jakituria biltzeko.
Dena den, zenbait arlotan egingo dutena argi dute dagoeneko, esaterako zabor bilketari dagokionean. "Posible izanez gero, bosgarren edukiontzia oinarri duen sistemara aldatu nahi dugu zabor bilketa", azaldu du Alberdik. Aldaketa, baina, prozesu parte hartzaile bidez egin beharko dela ere esan du.