Merkatariei laguntzeko Idazlagun sarea prest

Imanol Gallego 2014ko aza. 26a, 14:43

Euskararen egunaren baitan, Bergarako Udala, Jardun elkarteak eta herriko dendariek Idazlaguna, euskara begi bistan egitasmoa sortu dute. Ekimen berri honen bidez, herritar sare bat sortuz, dendariek kartelak edo salneurriak idazterako orduan izan ditzaketen hizkuntza arazoak zuzenduko dituzte.

Pasa den udazkenean egindako gogoetan merkataritzan euskarak izandako atzerakada antzeman zen. Hau ikusita, herritar talde batek herriko hizkuntza paisaian eragiteko lan egiteko prestutasuna azaldu zuen. Horrela sortu zen Idazlaguna, euskara begi bistan egitasmoa, orain arteko hizkuntza zerbitzuak osatu eta indartzeko.

Egitasmoa arrakastatsua

Dagoeneko 127 merkatari eta ostalarik eman dute izena, eta 50 boluntario baino gehiagoko sare bat eratu da. Laguntzaile hauen bidez, merkatariek euren dendetako kartelak edo salneurriak jartzeko orduan izan ditzaketen zalantzak argituko dituzte. Dena den egitasmoa ez dago itxita eta parte hartu nahi dutenek jardun@topagunea.com helbide elektronikoa edo 943 76 36 61 telefonora deitu dezakete.

Boluntarioak izango diren Idazlagunek ez dute euskara maila alturik beharko, udalaren eta jardunen laguntza izango dute-eta. Idazlagunek laguntza eskainiko diete merkatariei, baina sareak aurrera egiten duen heinean, merkatariek euren kabuz lan egiteko prestatzea da helburua.

Euskararen eguna

Idazlaguna, baina, ez da aurtengo euskararen eguneko ekintza bakarra izango. Gaur Dabid Anautek Euskararen kate hautsiak liburua aurkeztuko du Irizar jauregian, eta egubakoitzean, Erdaldun berrien kluba antzerkiaren emanaldia egingo da Zabalotegin (22:00) eta ostean, (23:30) Arrano tabernan, Bergarako bertso txapelketaren lehen kanporaketa egingo da.

Hurrengo egunean, gazte eta familiendako, Agorrosinen festa egingo dute. 16:30ean ur jolasak egingo dituzte, 18:15 txokolatada eta 19:00etan DJ festa eta tailerrak. Horrez gain, aste honetan zehar kirol guneko ekintzetan erabiliko den musika euskarazkoa izango da. 

Euskararen eguneko ekitaldiak hurrengo eguaztenean amaituko dira. Egun horretan, 20:15ean egingo baita Idazlaguna egitasmoaren aurkezpen irekia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak