Langileek jarraitzen dute lantegiaren bideragarritasunean sinisten eta hori berretsi dute gaur goizean Candy lantegiaren aurrean egindako agerraldian. Ez hori bakarrik, bideragarritasun hori posible dela frogatzen saiatuko baitira: "Ziur gaude Bergarako lantokia bideragarria dela, eta frogatzen saiatuko gara, denbora kontua da. Uste dugu itxiera aurretik diseinatu dutela, datuak makilatu dituztela irabaziak ezkutatuz".
Gaineratu dute, euren "ustea indartuta" dagoela Eusko Jaurlaritzarekin izandako bileraren ondoren, Jaurlaritzak berak esan baitie, "errentagarria izan daitekeela lantokia".
"Birkolokatzeena, gezurra"
Langileen batzordeak adierazi du, bestetik, joan den asteko bileran zuzendaritzak birkolokatze enpresa baten funtzionamendua azaldu ziela: "Birkolokazioen inguruan enpresak esandakoa gezurtatu gura dugu. Lana bilatzen laguntzeko azalpen bat eman digute, beste ezer ez, lanpostu bat bera ere ez", diote.
Hori horrela, enpresak "euren planarekin" aurrera egin gura duela diote langileek, "gidoitik atera gabe eta bideragarritasunaren inguruko eztabaidari uko eginez". Candyko zuzendaritzak bidalitako oharra "itxieraren bidean urrats bat gehiago da", langileen esanetan.
Datozen egunetako mobilizazioak
Bien bitartean mobilizazioetan jarraituko dute langileek; gaurko agerraldiaren ostean kotxe karabana egin dute eta hala egingo dute bihar ere, lantegiaren aurrean egingo duten konzentrazioaren ondoren. Bihar arratsaldean, 19:00retan, Irala kalean konzentratuko dira eta eguenerako manifestazioa deitu dute, 18:30ean, San Martin plazatik irtenda.