Aitziber Plazaola bergararra eta beste 27 gazteren aurkako epaiketa martxan den honetan, Libre plataformakoek aldarrikapenerako eguna izan zuten atzo. "Epaiketa politikoen aurka", Bergarako Monzon plazan elkartu ziren bergarako eta bailarako hainbat herritar. Salatu zuten epaiketa politikoak "euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoak" direla, eta horietan auziperatu izateko "arrazoi bakarra" lan politikoa egin izana dela.
Baina ez hori bakarrik, Herriko Tabernen auzia gogoan izan dute Libre plataformakoek euren aldarrikapenean, baita orain gutxi jakin duten beste auzi politiko bat ere. Auzi horretan 35 kide epaituko dituzte, Batasuna, ANV eta EHAK erakundeetan 2005etik 2007ra egindako lanagatik. Epaituen artean dira Mikel Zubimendi, Aitor Arantzabal eta Mikel Garaiondo Bergararrak, baita Ino Galparsoro Arrasatearra ere. Datorren urtarrilaren 12an abiatuko da Entzutegi Nazionalean 04/08 sumarioaren epaiketa. Libre plataformako kide den Ane Jauregik esan du espainiar gobernuak ez duela asmorik mendeku eta zigorrekin bukatzeko, baina, horren aurrean, "guk kontrako apustua egingo dugu, alaitasunez eta kolore laranjaz aldarrikatuko ditugu geure eskubideak".
Horregatik, abenduaren hamahiruan, “eman eskua, epaiketa politikorik ez” lelopean, ekitaldi berezi eta sinbolikoa egingo dute arratsaldeko seietan. Eskutik helduta, Bergarako epaitegia inguratu nahi dute, eta erronka hori betetzeko, debagoiendarrei parte hartzeko deia egin diete, guztien eskuak beharko baitituzte.