Candyko langileek babesa eskatu diote Urkullu lehendakariari

Maialen Torres 2014ko aza. 5a, 14:27

Lazpiur enpresak 100.urteurrena ospatu du gaur, baina ekitaldian, ospakizunaz gain, izan da aldarrikapenik ere. Candy enpresako langileak Lazpiur lantegiraino gerturatu dira, eta bertan, lehendakariari babesa eskatu diote. [ARGAZKIAK]

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak iritsi direnerako, Candy Hoover enpresako langileak Lazpiur lantegiaren atarian ziren. Candyri jarraipena eman diezaioten, eta lanpostu guztiak manten ditzaten eskatu diete langileen ordezkariek Iñigo Urkullu lehendakariari eta Arantza Tapia sailburuari, konponbidea euren esku zela esanez. Euren egoerari irtenbidea bilatzeko “inplikazioa” ere eskatu diete.

Lehendakariak ordea, erantzun die eskumenak badituztela, baina ez “enpresa bateko jabeek erabakia hartzen dutenean”. Hala ere, iristen diren tokiraino laguntzeko ahalegina egingo dutela ziurtatu die Urkulluk, eta langileak pozik agertu dira hartutako konpromisoarekin. “Hitz onak entzun ditugu, eta hitz horiek ekintza bihurtzea espero dugu”, dio Ramon Romero langileen batzordeko presidenteak.

Arantza Tapiak azaldu dienez, aste honetan bertan biltzekoak dira Candyko ordezkariekin, eta bilera horretan eskatuko diete produkzio-jarduera mantentzeko. Izan ere, esan duenez, ez daude “batere ados” enpresak hartutako erabakiarekin, eta “are gutxiago” egin duen moduarekin. Itxiera ez den beste alternatiba batzuk ere badirela gaineratu du Tapiak, eta horiek bilatzen saiatuko direla. Adierazi duenaren arabera, posible da beste irtenbide bat topatzea eta Lazpiur enpresa jarri du adibide gisa, “borondatea dagoenean eta nahia dagoenean, badaude bideak”, esan du.

Martin Garitanok, bere aldetik, babesa eskaini nahi izan die Candyko langileei, ekitaldian bertan, eta esan du ez dutela defendatzen multinazionalak hartutako itxiera erabakia. Hori dela eta “gertutasuna, elkartasuna eta konpromisoa” eskaini nahi izan die kaltetuei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak