"Agorrosingo zerbitzua %1 igoko da, eta haurrentzako uretako ikastaro batzuk %2, gainontzeko tasek, ez dute gehikuntzarik izango" esan zuen Lauri Askargorta Bergarako Ogasun zinegotziak. Gainontzeko taldeak tasak ez igotzeko planteamenduarekin bat etorri arren, ez zuten mozioa babestu. EAJko zinegotziek gogor kritikatu zuten, euren proposamenak aintzat hartu ez izana, eta euren ustez, tasek hondakinen bezalako arloetan, defizita handitzea baino ez dute sortuko. Askargorta zinegotziak, hasierako urteetan zerbitzua defizitarioa izango zela onartu arren, behin ezarpena gauzatuta, zerbitzua egonkortu egingo dela azaldu zuen. Horrez gain, atez atekoak bezalako neurriek duten garrantzi ekologikoa ere azpimarratzeko modukoa dela azaldu zuen ogasun zinegotziak.
Tasa bere horretan mantentzen den arren, ondasun higiezinen gaineko zergaren errekargua bertan behera lagatzea ere proposatu zuten jeltzaleek, euren ustez dirua biltzeko neurri bat besterik ez da-eta. Askargortak errekargua alokairu soziala sustatzeko planaren barruan dagoela zehaztu zuen, dirua batzeko neurri bat dela baztertuz.
Dena den eztabaida ez zen puntu horretan amaitu, eta permutak edo Kataluniako kontsultaren inguruko mozioak ere zer esana sortu zuten. Hori guztia baina, gaueko 10:00 ikusteko aukera izango duzue goiena telebistan. Denboraldi berrian GOIENAk egindako apustuetako bat da berau.