Antxintxika lasterketaren hamargarren urteurrena, festarako aitzakia

Miren Arregi Amasorrain 2014ko urr. 28a, 12:16

Kirola eta festa uztartuko dira domekan, azaroak 2, Bergaran, Antxintxika krosaren hamargarren urteurrenean. Lasterketak, jatekoa, jaialdiak... Kirola ez ezik, bestelakorik ere egongo da. 

Indartsu eta berrikuntzekin dator aurtengo Antxintxika krosa. Arrazoia, Soraluze eta Bergara arteko lasterketaren hamargarren urteurrena. Kirola festa giroarekin uztartuko da aurten; Antxintxika krosa, Antxintxika eguna izatera pasatuko da.

Lasterketak 11:00ean hasita

Goizeko hamaiketan irtengo dira Soraluzetik krosa gurpildun ahulkietan egingo duten parte hartzaileak. 15 minutura, 11:15ean, irtengo dira patinetan egingo dutenak eta 11:30ean, krosa antxintxika egingo dutenak.

Horiek guztiek helmuga pasatzen dutenean hasiko dira umeen lasterketak, 12:45 inguruan. Bi taldetan banatuko dira. Bederatzi eta hamar urte bitartekoek 500 metro egingo dituzte korrika eta hamaika eta hamalau urte bitartekoek 1000 metro, nagusien krosaren azken 1000 metroak, alegia.

Familian Festa, berrikuntza

Horiek bukatuta emango zaio hasiera aurtengo berrikuntzatako bati. Familian Festa jaiari. Guraso eta umeek elkarrekin antxintxika egiteko aukera eskainiko du Bergarako Antxintxika taldeak. Bi taldetan egingo da hori ere; bost eta zortzi urte bitartekoek 500 metro egingo dituzte korrika; hiru eta bost urte bitartekoek, berriz, 200.

Izen ematea, zabalik

Egubakoitzera arte dago zabalik krosean izena emateko epea: kirolprobak.com web gunean egin daiteke hori.

Arratsaldean, jaialdia

Arratsaldean ere jarraituko du jaiak, Irrien Lagunen eskutik. 18:00etan hasiko da jaialdia frontoian. Hala, Porrotxek eta Ane Piratak lagunduta Bergarako hainbat taldek hartuko dute parte: Bergarako buruhaundi eta kilikien konpartsakoak, Musika Eskolako Gazte Bandakoak, Zubillagako suhiltzaileak, Dordokako partaideak, Jarduneko lagunak eta Antxintxikakoak. Jaialdian ateratzen den dirua Dordoka taldearendako izango da, kirol egokituaren taldearendako.

Goienak jarraipen zabala

Bestetik, lasterketak ikusteko aukera izango da bertatik bertara ez ezik, baita internet bidez ere. Izan ere, Goienak streamming bidez eskainiko baitu helmuga goiena.net atarian. Gainera, asteleheneko paperean jarraipen zabala egingo zaio krosari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak