Kirola kalera Bergaran domekan

Imanol Gallego 2014ko urr. 16a, 16:32

Bergarako udalak herritar aktiboak nahi ditu, eta horren harira, hurrengo domekan, hilak 26, Kirola kalera eguna ospatuko du. Aurtengo hirugarren kirol festa berrikuntzez betea dator, eta familiek izango protagonismo berezia izango dute, "gurasoak eredu izatea garrantzitsua dela uste dugu", dio Lauri Askargorta Bergarako Kirol zinegotziak.

Bide horretatik, goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:30etara egingo diren ekintzak familiei zuzenduta egongo dira. Ekintza hauetan baina, Udala ez da bakarrik egongo Lokatza, Hanka Labanka eta Atxintxika taldeak bidelagun izango ditu-eta.

Eguneko berrikuntza nagusia triatloia izango da. Froga 13:00 hasiko da, eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako eskuorriak banatuko dituzte Bergara, Antzuola eta Elgetako ikastetxeetan, bailarako gainontzeko herritarrak Agorrosinera beharko. Bi eta lau kideko taldeak onartuko dituzte, beti ere kideetako bat 18 urte baino gehiago baditu, eta beste batek 12 baino gutxiago. Jolas modura eratua dagoen triatloian parte hartzeko kaskoa eroatea ezinbestekoa izango da.

Parte hartzaileek triatloia oinez, bizikletan eta patinete edo patinetan egin beharko dute, guztira 1,5 km egingo dituzte.

Hil amaieran hitzaldia

Kirol kontuak alde batera utzi gabe, urriaren 30ean Familia, futbola eta formazioa hitzaldia eskainiko da Irizar jauregian 19:00etan. Gurasoei zuzenduta dagoen hitzaldian adituek familia eta kirolaren arteko harremana aztertuko dute.

Horretarako Luki Iriarte, Realaren formazio taldeen arduraduna eta Fran Garagarza, Eibarreko idazkari teknikoa gonbidatu dituzte. Biek kirol profesionalean duten esperientziaz hitz egiteaz gain, euren ibilbidea ere aztertuko dute. Hitzaldia gurasoei bideratua dagoen arren, entrenatzaile eta zuzendarientzako ere aukera ona izango da. Futbolean ez ezik, beste kiroletan arazoak agertzen dira-eta. 

Kirol ekintza berriak

Erabiltzaileen eskaerei erantzunez haurdunaldi osteko gimnasia ikastaroa egingo da. Bertan, sabeleko giharrak eta zoru-pelbikoa tonifikatzeaz gain, gimnasia hipopresiboa ere landuko da. Bigarren berrikuntza kirolarien erresistentzia jorratzeko entrenamendu funtzionala izango da. Saio hauetan enborreko giharrak jorratzearekin batera behe-ataleko giharrak ere zaindu eta indartuko dituzte.

Bi kirol jarduera berri hauez gain, Zumba, Yoga eta Crossfit saio berriak ere programatu dituzte, jendeari ordutegi zabalago bat eskaini ahal izateko.

Informazio gehiago, ordutegi zehatzak jakin edo izen eman nahi dutenek, Agorrosin Ekintza Gunera gerturatuko beharko dira urriaren 28 baino lehen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak