Kulturak hartu zuen Bergara zapatuan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko urr. 6a, 15:39

Zapatuan Bergarako erdiguneko kaleetan herriko kultura sormenaz gozatzeko aukera izan zen; izan ere, aurten, bigarren aldiz, herriko askotariko kultur eragileek, Kultura Kalean eguna egin zuten.

Izenak argi erakusten duen moduan, herriko kultura elkarteek egiten duten lana herritarren aurrean erakustea da Bergarako Kultura Kalean egitasmoaren helburua, herritarrei taldeetan parte hartzeko gonbidapena luzatuz horrela.

Askotariko ezaugarri eta izaerazko taldeetako ordezkariak batu ziren San Martin plazan eta inguruetan; han ziren, besteak beste, bada: tailaginak, zeramikagileak, margolariak, argazki taldekoak, erraldoi txiki zein handiak, musikariak, dantzariak….

Herriko artisten lanak bertatik bertara ikusteko aukeraz gainera, esperientzia berriak probatzeko bidea izan zen oraingoan ere. Hori horrela, izan ziren erraldoien gonapetan sartu eta erraldoiak paseatu zituztenak, bergarako musika eskolakoek eramandako askotariko musika instrumentuak jotzen ausartu zirenak eta Musioka jokoan jardun zutenak, eta baita Buztinzale elkartekoekin eskuak buztinez zikindu edo Bearteko margolariekin margotu zutenak ere. Aipatutakoez gainera, gaztetxean bisita gidatua eta luntxa ere egin zuten.

Bergara musikari askoren herria dela erakutsi zuten beste behin zapatuan, horren erakusle, besteak beste, Orkestra sinfonikoaren soka taldearen kontzertua eta ondoren Osintxuko Musiraka dantza taldearekin egin zuten Lord of the dance obra ezagunaren interpretazioa. Aritzeta eta  eta San Joxepe abesbatzak ere baziren.  Egunarekin amaitzeko kantuan eta dantzan egin zuten askok, Kantu Jira eta Herrixa Dantzan parte hartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak