Uztaila hasieran jarri zuen martxan Bergarako Udalak Garbiena, zikintzen ez duena leloa duen kanpaina, kontzientziazioaren bidez herriko kaleak garbi mantentzeko helburua duena.
Besteak beste albaitariekin, ikastetxeekin, tabernariekin eta gozoki dendatakoekin bilerak egin ostean, hainbat ekintza planteatu dituzte datozen asteotarako. Hala, datorren astelehenetik, irailaren 29atik aurrrera, herriaren garbiketa sakona egingo dute. Udal brigadako langile guztiak, 40-50 lagunek, egingo dituzte garbiketa lanak, eta bi astetan zehar, derrigorrezko beste lanez gain, horixe izango da euren lehentasuna. "iristen garen lekuraino, bankuak, seinaleak, farolak, barandak... garbituko dira", adierazi du gaur goizean egindako agerraldian Jaione Isazelaiak, Bergarako alkateak .
Bestelako ekintzak
kanpainaren leloa daramaten globo batzuk ere aterako dituzte, eta tabernen kanpoaldean edukiontziak jarriko dituzte zaborra botatzeko. Herriko ikastetxeetan ere egingo dute herria garbi matentzearen inguruko lanketa, eta kasu honetan, ikastetxe bakoitzak erabakiko du lanketa hori nola egin. Herrian erroldatuta dauden txakurren jabeei ere eskutitz bat bidaliko zaie etxera.
Honetaz gain, herriko hainbat puntutan hamasei panel jarriko dituzte, herriko talde, eragile zein norbanakoek karrelak jartzeko erabili ditzaten. Dena den, argi uzten dute, herritarren iradokizunen bidez, kopurua handitu daitekeela.
Bergarako udal ordezkariek adierazi dute ekintza hauen guztien helburu nagusia, herritarren kontzientziazioa dela.