Musika zein dantza ikasketak eskainiko dituzte aurrerantzean Bergarako musika eta dantza eskolan. Diziplina berria zazpi urtetik gorako umeendako eskaintzen du eskolak. Aurreikusten da talde bakoitzak astean 45 minutuko bi saio egitea.
Irakaslea Zumarragako Eneko Galdos dantzaria izango da, eta koordinazio edo jarraipen lana egingo du Edu Muruamendiaraz dantzari bergararrak. Muruamendiarazek aurreratu du euskal dantza tradizionalean oinarrituko dela ikastaroa, baina berrikuntza ugarirekin. Helburua da Bergaran dantzarako zegoen zaletasuna berriz sortzea.
Badira urte batzuk Bergarako Udala eta Jardun elkartea gaia lantzen hasi zirela. Helburua zen ahuldutako dantza zaletasuna indartzea, eta zentzu horretan eskerrak eman dituzte orain arte lan horretan jardun direnei.
Proba piloto moduan aurkeztu du Muruamendiarazek dantza eskolaren lehen ikasturte hau. Musika eskolan, berriz, oso interesgarria ikusi dute dantza bertan edukitzea. Erritmoa, oreka eta kreatibitatea lantzen ditu, eta azken finean beti integratu dute azken aldian egindako ikuskizunetan.
Ikasturtean urrian hasiko da eta eskolak Zabalotegiko udal euskaltegia izandako lokalean izango dira. Kuota da 32 euro eta erdi hileko. Musika eskolako ikasleendako 17 euro hileko.