Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bergarako Udalak eta UNEDek egoitza aldaketa gauzatzeko lehen urratsa eman dute. Horretarako hitzarmena sinatu dute eta Aldundiak 1.717.000 euroko diru laguntza eman dio Bergarako udalari, Errege Seminarioa eta Arrizuriagaren arteko permuta gauzatu ahal izateko.
Hitzarmena Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jaione Isazelaia Bergarako alkateak eta Iñaki Esparza UNED-Bergarako zuzendariak sinatu dute gaur Bergaran.
Uztailaren 29ko Diputatu Kontseiluan onartu zen erabaki hori. Lehenago, ekainaren 6an egin zen UNEDeko Patronatuko bileran onartu zen permutaren operazio osoa, "aukera emango baitu UNED-Bergara zentro elkartuaren eta Bergarako Udalaren instalazioak eta funtzionalitatea nabarmen hobetzeko".
Bestalde, behin permuta gauzatuta, Arrizuriaga jauregian egokitzapen obrak egingo dira UNEDen egoitza bertan kokatzeko.
Diru laguntza horri esker Bergarako Udalak Errege Mintegia eskuratuko du bertan, besteak beste, kultura erabilera anitzerako gunea eta museoa kokatzeko.