Debagoieneko EH Bilduk esan du “orain eta hemen erabakitzeko momentua” iritsi dela. Gainera, lurraldetasunari buruz bakarrik ez, beste hainbat arlori buruz ere zeresana badela azpimarratu dute. Besteak beste, ekonomia, babes soziala, hezkuntza, hizkuntza eta gorputza ere aipatu dituzte. Hori lortzeko, “hemen erabaki” lelopean, elkarlanerako deia zabaldu dute: “gaur gonbidapen bat egin nahi diegu erabakitzeko eskubidearen alde dauden guztiei, alderdikeriak utzi, guztion arteko elkarlanean sakondu eta gure bidea egitea, euskal bidea egitea”.
Bihar erabakiko dute eskoziarrek euren etorkizuna nolakoa izatea nahi duten, eta EH Bilduren ustez, aukera hori izatea, irabaztea da dagoeneko. “Eskoziarrek irabazi dute, eskoziar guztiek, baiezko eta ezezkoa bozkatuko dutenek, erabakia beraien eskuan izango dutelako” esan du Maider Otamendi Debagoieneko EH Bilduko koordinatzaile taldeko kideak.
Biharko, hainbat ekimen
Koordinatzaile taldeak adierazi duenez, “erabakitzeko eskubidea aldarrikapen izatetik errealitate izateko bidea egiten ari da Europan”, eta Euskal Herrian ere, horretarako borondatea badela diote. Horregatik, ostegunerako, festa eta aldarrikapena uztartuko dituzten ekimenak prestatu dituzte. Azaldu dutenez, batetik, “eskoziarrei babesa ematea” da helburua, baina “aldarrikapena ahaztu gabe”. Izan ere, Otamendiren hitzetan, “Estatu Espainiar eta Frantsesak herritarren hitza eta erabakia bahituta dauzkate” eta horri aurre egiteko, “oztopoz betetako bidea” egin beharko da.
Gauzak horrela, ostegunean herriz herri “ekimen koloretsu eta jendetsuak” egingo dituztela azaldu dute EH Bilduko kideek. Antzuolan, Arrasaten, Eskoriatzan eta Aretxabaletan 19:00etan izango dira ekimenak, eta Bergaran, berriz, 19:30ean.