Bergarako San Antonio kaleko 'La Flor' eraikina botatzeko lanak, gaurtik aurrera

Julen Iriondo 2014ko ira. 9a, 19:54

Laster botako dituzte eraikin horren aurrealdean, errepidearen beste aldean, dauden bost zenbakietatik bi ere, eta, horrekin, Martokua-Zubiaurrera bidean sortzen den "enbutuari" konponbidea jarri eta inguru hura herriarekin lotzea lortuko dela diote Udaletik.

Gaur hasiko dira Bergaran San Antonio kaleko La Flor eraikina botatzen. Eraikin horren eta parean, errepidearen beste aldean, duen etxe ilararen artean pasabide estua geratzen zen orain arte, "enbutua" sortuz eta Zubiaurre-Martokua ingurutik joan-etorrian ibiltzen direnei eragozpenak eraginez, lanen berri emateko Udalak egindako agerraldian azaldu dutenez. Inguru hartan nahikoa jende bizi dela-eta, aspaldi ziharduten arazoari irtenbidea eman nahian. Bihar La Flor botatzen hasita, hasiko da gauzatzen irtenbide hori.

Bergarako Udal arkitekto Xabier Yeregik adierazi du eraikin hori botata begietara "irekiera" lortuko dela: "Oso desberdina izango da; gaur egun, kalezulo bat ikusten da, eta ez beste ezer. Lehenengo urratsa begietara irekiera hori izango da. Gutxieneko urbanizazio lan batzuk egingo ditugu: errepidea pixka bat zabalduko dugu, eta espaloi bat egin, alde horretan, La Flor-en aldean".

Eraikin hori bota ahal izateko, bere garaian erosi egin zuen Bergarako Udalak, itsatsia duen etxearekin batera, eta gero lehiaketara atera eta eraikuntzako sustatzaile bati saldu, aipatutako zatia bota egingo zela baldintza jarrita. Udalaren asmo osoa burutzeko gauza bera egin nahi du La Flor eraikinak parean duen etxe ilararekin. 8 zenbakia osorik Udalarena izan dadin negoziazioetan ari dira jabeekin, eta eurenak dituzten 2 eta 4 zenbakiak botako dituzte oraingoz, La Flor-en ondoren. 8a bota gabe ezin dituzte 6a eta 10a ere bota, segurtasun kontuengatik. Baina 8 zenbakiaren jabeekin akordioa lortu, denak bota eta Zubiaurre-Martokua herriarekin lotzea da Udalaren asmoa, Yeregik azaldu duen bezala: "Bere momentuan, Artzamendi kalea ere zegoen baztertuta bezala, eta Mintegi kalea ireki zenean, orain urte batzuk, lotu egin zitzaion inguru hura herriari, eta hau ere urrats handia izango da, eta aspaldiko ametsa, Zubiaurre-Martokua herriarekin lotzeko".

Jaione Isazelaia alkateak, berriz, adierazi du "urteetako lanaren emaitza" dela hau guztia, aurreko udal korporazioek egindakoa eskertu du eta teknikarien lan profesionala ere bai, "luze jotzen duten aktuazioak" izan arren, "bergararren bizi kalitatea hobetzeko ikuspegia" izan zutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak