Urteak daramatza Labegaraietak aisialdi gune erreferente izaten, kiroldegiko ekintzak, piragua gunea, ziburuak eta skate gunea tarteko. Oraingoan, ordea, Udalak bateratu egin nahi izan ditu horiek guztiak, ziburu eskaintza indartuz.
Aisialdi gunea indartzeko proiektua diseinatzeko, auzotarrekin bilerak egin dituzte eta bilera horien ostean hasi dira Labegaraietako lanak. Dena den, egitasmoa Udaletik abiatu zen, lehendik zegoen aisialdi eskaintza indartzeko beharra eta aukera ikusi baitzuten. Besteak beste, 50 metroko bi tirolina, eskalatzeko piramide bat eta ping pong mahaiak jarriko dituzte, jasotako eskariei erantzunez. Gainera, karpa bat ere jarriko dute, eguraldia ondo pasatzeko oztopo izan ez dadin.
Gerturatzen direnek aisialdi aktiboaz gozatzeko aukera izango dute, eta, pixkanaka, Labegaraietako gunea aisialdi ohituretan finkatuz joatea espero du Udalak. Gainera, uda garaia primerakoa izango da ziburu berriak probatzeko, izan ere, oraindik dena prest ez badago ere, lanak nahiko aurreratuta daude: zimentazio lanak egin berri dituzte, eta, oinarria guztiz finaktuta dagoenean ekingo diote ziburuen muntaiari.
Aisialdi gune berria laster egongo dira prest eta edonorentzat irekita (datorren asterako edo hurrengorako). Ziburuek, gainera, segurtasun neurri guztiak betetzen dituzte eta homologatuta daude, beraz haurrek beren kabuz jolastu ahal izango dute. Txikienek, ordea, gurasoen laguntza beharko dute, agian.