Ur eta energia kontsumoa murrizteko lanak iazko martxoan hasi baziren ere, irailean hasi ziren aurrezte neurriak aplikatzen. Orain, hilabete batzuk igarota, pozik agertu dira kirol arduradunak eta teknikariak, martxan jarri zutenetik, pixkanaka neurria hartu baitiote aurrezte sistemari, emaitzak hobetuz. Dena den, kontsumoa murriztea denon esku dagoela azpimarratu dute.
143.000 euroko aurrekontua izan duen proiektuaren oinarrietako bat erabilitako uraren deklorazioa izan da. Horretarako, lehen zegoen deposituaz gain, beste bat jarri dute eta horien bidez, erabiltzen den ur guztiari kloroa kentzeko gai dira orain. Honela, berriro erabiltzeko moduan uzten dute ura. Besteak beste, komunetako zisternetan, ureztatzean eta Agorrosin kanpoan dagoen bizikletak garbitzeko gunean berrerabiltzen dute igerilekuetako ura. Aurrezte neurrien aurretik uraren %30 berrerabiltzen zuten, baina emaitzak asko hobetu dituzte orain. Aurten 994 m3 zituzten berrerabiltzeko, eta neurri berriei esker, horietatik 512 berrerabili ahal izan dituzte.
Era berean, berrerabiltzen ez den ura errekara isurtzen dute, ur kalitate agentziak finkatutako baldintzak errespetatuz, eta inongo klororik gabe. Orain arte, ur berriztatze gehien Spa gunean eta igerileku txikian egiten zuten, erabileragatik ura gehiago zikintzen baita. Orain, ordea, arazo hori konpondu egin dute UVA izpidun filtro berri bat jarriz. Gune horietako ura lanpara batzuetatik pasatzen da, eta horiek igortzen dituzten UVA izpiek uretan dauden bakteriak hiltzen dituzte, ur zikina garbi bihurtuz. Horrela, ez dago ura horren sarri berritzeko beharrik.
Uraz gain, energia ere aurrezten dute. Esaterako, igerilekuan erabilitako ur zaharra, sartuko duten ur berriaren tenperatura igotzeko erabiltzen dute, berotzen energia gutxiago gastatzeko. Dena den, aurrezte datuetan aipagarriena uraren kontsumoarena da. Izan ere, 2009an 31.000 m3 kontsumitzetik, 2013an 25.000 kontsumitzera pasa dira, nahi eta erabiltzaile kopuruak gora egin. Iñaki Ugarteburu kirol teknikariaren esanetan, datuek frogatzen dute "instalazioen eraginkortasuna hobetzen" ari direla.
Gainera, etorkizunera begira, emaitza hobeak lortzea dute helburu. Honela, Bergara Krirol Elkartearekin hitzarmen bat lotzeko negoziaketetan dabil Udala, Agorrosin ondoan dagoen futbol zelaia ere berrerabilitako urarekin ureztatzea lortzeko asmotan.