SASKIBALOIA Hasi umeetatik eta ACBko jokalaririk ere bai, Bergarako saskibaloi festan

Julen Iriondo 2014ko eka. 22a, 20:20

GBCko Mikel Motosen taldea nagusitu da elite mailan; emakumezkoetan, berriz, Gasteiza joan da saria. Bergarako zein bailarako dozenaka lagun ere ibili dira lehian. Zapatuan Labegaraietan jokatu behar izan zuten.

[ARGAZKI GALERIA]

Saskibaloiaren jai handia izan dute asteburuan Bergaran, aurten zazpigarren aldiz antolatu duten hiruko torneoarekin. Denboraldian, bakoitza bere txapelketetan eta kantxarik kantxa ibili eta gero, neska-mutiko zein gazte, denak –baita urte osoko lehian ibili ez arren saskibaloia zaletasun dutenak ere– elkartu ditu bi egunetan Bergarako txapelketak. Eta elkartu behar zituen kalean, plazan, eta hala izan zen, domekan; zapatuko partiduak Labegaraietan jokatu ziren, eguraldiagatik.

Hasi benjamin mailatik eta senior mailara arte, 86 talde –laurdena emakumezkoenak– ibili ziren nor baino nor gehiago. Zapatuan Labegaraietara eraman beharrak aldendu egin zuen txapelketa, batetik, kaletik, eta, ondorioz, bere helburuetako bat lortzetik: saskibaloi giroa kalera eraman eta inguruan dabiltzanen arreta piztu eta jendea saskiaren kirolera gerturatzearena. Hala ere, Bergarako saskibaloi saileko arduradun Marian Melladoren arabera, giro polita sortu zen kiroldegian ere.

Bertan jokatu ziren, gainera, maila nagusietako norgehiagokak; eta ikuskizun polita eman zuten benetan. Bergarako txapelketa ez da herritarrentzako bakarrik izaten, eta zenbait kategoriatan Debagoieneko zein Euskal Herriko taldeek hartu ahal izaten dute parte. Honela, elite mailako seniorretan ACBko Gipuzkoa Basketeko Mikel Motosek eta bere taldeak –beheragoko ligetako beste jokalari on batzuekin osatua– lortu zuen garaipena mutiletan; lehian ibili ziren, baita ere, Debagoieneko –edo bertako taldeetako– izen ezagunak: Ander Gartzia bergararra, Beñat Barberena arrasatearra eta Asier de la Iglesia zumarragatarra, esate baterako.

Nesketan, berriz, Emakumeen Ligako EHU taldeko lau jokalari etorri ziren Bergarara jokatzera, eta baita Emakumeen 2. Mailako Gasteizko taldekoak ere. Azkenean, gainera, sorpresa egon zen, eta arabarrak nagusitu ziren jaurtiketa libreetan, finala berdinduta bukatu eta gero.

Domekan plazan

Domekan, bai; domekan benjaminen eta alebinen txanda izan zen –Debagoieneko jokalariei irekia–, eta plazan jokatu ahal izan ziren norgehiagoka hauek, giro ederrarekin. Hainbat partidu aldi berean, guraso zein domeka goizean kalean zebiltzanak begira eta animatzen, eta animazioa –puzgarriak ere bai Munibe plazan– eta jan-edana, ezer falta ez zedin; dena primeran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak