Plataformako kideek esan dutenez, ia 400 pertsona bizi dira bailara horretan eta 35 enpresa daude, "baina gaur egun oso arriskutsua da oinez eta bizikletaz atzera-aurrera egitea ez dagoelako ezta artzenik ere. Auzotarrek derrigorrez autoan ibili behar dute eta uste dugu ordua dela zerbait egiteko", esan dute. Eta zehaztu dute: "Aisialdirako eta kirolerako bai, baina mugikortasunerako bide moduan ikusten dugu. Garrantzi handiagoa ematen diogu horri, auzotarren, enpresetako langileen zein gainerako herritarren mugikortasun egokirako".
Lehen harremanak egin dituzte dagoeneko Udalarekin eta Foru Aldundiarekin: "Asmoa begi onez ikusten dute, baina jabetu gara ez dagoela euren lehentasunetan. Horregatik, komenigarri ikusi dugu herritarrok auziaz jabetzea eta mobilizatzea".
Hala, Ubera-San Juan-Bergara oinez eta bizikletaz lelopeko martxa antolatu dute domekarako, hilak 22, eta bi modutan egin ahal izango da: menditik edo errepidetik –oinez edo bizikletan.
Mendiz joan nahi dutenendako 09:00etarako egin dute hitzordua, Oxirondo azokan, eta San Martzial eta Amatiño igarota iritsiko dira Uberara. Amatiñon hamarretakoa egiteko atsedenaldia egingo dute. Errepidetik oinez edo bizikletaz joango direnak, berriz, 11:00etan abiatuko dira Agorrosindik. Uberan elkartuko dira guztiak eta ekitaldia egongo da 12:00etan. Talde-argazkia egingo dute, eta ondoren, San Juanera abiatuko dira, 13:00etan salda eta txorizoa hartzeko.
"Lantzeko gaia da"
Udalean gaiaren gainean galdetuta honakoa esan dute: "Auzotarrek egindako proiektua jaso dugu eta Aldundiarekin lantzen ari gara gaia. Aldundiko teknikariak etorriko dira lekua bertatik bertara ikustera. Auzotarrek eskatzen duten bidea ez dago gaur egungo bidegorri sarean sartuta. Dena den, aurrera begira lantzeko gaia da".
Jaiak San Juanen
Jaiak ospatuko dituzte San Juanen gaur, barikua, hasi eta hilaren 24ra arte. Asteburuko ekintzei dagokienez, gaur The Romanticos taldearen kontzertua egongo da Tartufon. Bihar, zapatua, patinekin saioa egongo da 11:00etatik 13:00etara, auzoko plazan, Hanka Labanbako kideekin: patinekin lasterketak egingo dira, ibiltzen ikasteko saioak, jolasak... eta sariak banatuko dira. 19:00etan makala jasoko dute eta 22:00etan herri afaria egongo da Tartufon.