Hilabeteko lehen eguaztenetan azoka egingo da aurrerantzean Bergaran

Miren Arregi Amasorrain 2014ko mai. 29a, 11:02

Hala, herriko zortzi baserritar izango dira Oxirondon datorren eguaztenean, arratsaldez. Horiez gain, nola ez, bertan izango dira azokan postuak dituzten saltzaileak ere.

Datorren eguaztenean, ekainaren 4an, egingo da lehenengoz Bergarako Oxirondo azokan, hileko lehen eguaztenetako azoka berezia. Baserritarrek euren produktuak ipiniko dituzte salgai, baina, ez dira bakarrik egongo, besteak beste, artisauak ere egongo direlako eta baita umeendako tailerrak ere: Aspacerekin otarrak egiten ikasteko aukera egongo da eta gehiago ere bai. "Pixkat indartsu hasteko baserritarren produktuekin egindako pintxoak eta edariak dastatzeko aukera egongo da", dio Andoni Larrañagak.  

Zortzi baserritar

Guztira Bergarako zortzi baserritar izango dira Oxirondon datorren eguaztenean. Horiez gain, nola ez, azokan postuak dituzten saltzaileak ere bai. "Zortzi baserritar berri hasiko dira, baina asmoa da aurrera begira saltzaile gehiago erakartzea. Lehena izanik, zailagoa da, baina  ikusten dutenean hau martxan doala eta salmenta badagoela, baserritarrak erakartzen joango gara", dio Bagarako Andoni Larrañagak.

Bertakoa eta sasoikoa

Azoka Bergaratzen prozesuaren helburu nagusienetako bat da azoka biziberritzea. Bada, prozesu horren ondorioetako bat da eguaztenenean, lehenengoz egingo den hileko lehen eguaztenetako azoka berezia. Izan ere, nahiz eta zapatutan Bergarako azoka jendetsua izaten den bai saltzaile, bai baserritar eta baita erosle aldetik ere, ikusi zuten posible zela astean zehar ere bultzadatxo bat ematea. "Helburu nagusia da bertako eta sasoiko produktuei bultzada bat ematea baina ez da bakarra. Honekin ekonomia ere sustatu gura dugu, azokako mugimendua, eta herrian bizitza sortzea ere bai". Izan ere, prozesuan zehar ikusi da herritarren zati handi batek gurako lukeela bertakoa eta sasoikoa den produktua eskura izatea. Hala, eta kontsumo ohiturak ere aldatu direla ikusirik, eguaztenetako azoka ez da goizez egingo, arratsaldez baizik. 18:00etatik 21:00etara.  

Elkarlanaren emaitza  

Datorren eguazteneko azokan herriko beste eragile batzuek ere hartuko dute parte, esan bezala. "Asmoa da, hurrengoetan herriko beste talde batzuekin elkarlanean jarraitzea. Talde edo eragile batek gurako balu hemen egotea gurekin harremanetan ipini besterik ez du", dio Larrañagak.
Azoka biziberritzeko bide horretan hainbat dira Azoka Bergaratzen prozesuan udala eta herritarrak lantzen ari diren proposamenak. Ekimen hau etorriko diren beste batzuen abiapuntua da. "Proposamen desberdinak lantzen joango gara eta horiek sendotzen doazen heinean joango gara ekintza berriak martxan ipintzen", gaineratu du Larrañagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak