Giza eskubidea, konponbidea, bakea; hitz horiekin hasi zuen berbaldia Alex Gardoki bergararrak. Hitzak besterik ez diren arren, gakoa horietan dagoela azpimarratu zuen eta gutxi batzuen ardurapean uzteko garrantzitsuegiak direla gaineratu. Martxoaren 15ean herritar talde batek San Telmo museoan aurkeztu zuen adierazpenarekin bat egiteko, Bergarako Aroztegi aretoan askotariko arloetako hogei bat herritar batu ziren. San Telmon ekin zioten bideari jarraitzeko testigua hartu zuten bergararrek eta berau herritar guztiei zabaltzea da taldearen nahia.
Horretarako, egubakoitzean bertan lehenengo ekintza egitea erabaki dute, herritarrak protagonistak izango diren ekintza hain zuzen. Ekimen erraz bezain baikorra dela adierazi zuten, energiak batzeko helburua izango dituena; helburua, ahalik eta herritar kopuru gehiena besarkada baten batzea da. Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko besarkadan hain zuen.
Norbanakoentzat esfortzu handirik suposatzen ez duen ekintzarekin, "Bergaran egin den besarkada jendetsu, estu eta beroena" egin nahi dutela esan zuen Gardokik. Harreman berri eta estuak lortzeko besarkada, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen "alde saretzen lagunduko duena".
Bergarar guztiei egubakoitzean 19:00etan Munibe plazara joateko gonbitea luzatu zieten.