Juanjo Agirrezabalak adierazi zuen domekan aukeratu behar dugula Euskal Herrian "esfortzu handiz" martxan jarri duten aro politiko berria indartu ala ez: prozesu horretan aurrera egiteko prest daudenak are indartsuago ateratzea ala trabak baino jarri ez dituztenak babestea.
Gaineratu zuen, EH Bildu ari dela aldaketa politiko eta soziala Gipuzkoara ekartzen eta Europan ere aro politiko berria sendotu nahi dutela.
Maite Aristegik ere ildo beretik hitz egin zuen. Azaldu zuen beharrezkoa dela Europa lagun izatea eta botoa ematera joatea, eurena ez bada indartuta irteten, besteena irtengo delako indartuta.
Eta presazko bi erreklamazio zituztela azaldu zuen: euskal herritarren erabakitzeko eskubidean bidea egiten joatea eta presoen eskubideak betetzea.
Ekitaldian herriko presoen senideei omenalditxo bat ere egin zieten eta musika eta bertsoek ere tartea izan zuten.