Madrildik, Bergara ezagutzera

Miren Arregi Amasorrain 2014ko mai. 22a, 16:35

Madrilgo Erkidegotik turistaz betetako bi autobus etorri dira gaur goizean Bergarara. EAEKo hiriburuak eta beste hainbat toki bisitatzen dihardute turistek eta zirkuituaren barruan sartu dute Bergara ere, herriak duen aberastasun arkitektoniko eta kulturalagatik.

Apiriletik azarora bitartean eskaintzen ditu Madrilego CNTravel agentziak Euskal Autonomia Erkidegoa bisitatzeko bidaiak. Euskal Herria, kultura eta natura izena du agentziaren eskaintzak eta aste betean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat txoko bisitatzen dituzte, tartean, Bergara.

Astero iristen dira, beraz, Madriletik pare bat autobus Bergarara eta gaur ere hala izan da. San Martin plazan hasi dute bisita. Sarrera gisa, bergarako historiaren laburpentxo bat egin diete eta ondoren joan dira San  Pedro parrokiara; han, Bergararen jatorria eta elizako ondarea ezagutu dituzte. Erdigunea ere bisitatu dute, erdi aroko estruktura: Goenkale, Barrenkale eta Artekale eta baita, besteak beste, Irizar jauregia ere.

CNTravel agentziako Begoña Ruizek esan duenez, bisitariak harrituta gelditzen dira Bergararen balio historiko kulturala tarteko. Eta ez hori bakarrik, Euskal Autonomia Erkidegoan bisitatu ohi dituzten tokietatik gustukoena ere izaten da Bergara.

Bergarako udalak ematen dien harrera ezin hobea ere nabarmendu gura izan du Ruizek. CNTravel agentziak ekainera arte eskainiko ditu EAEn barrenako bidaiak eta hala, Bergaran ere astero astero izango dira bisitari madrildarrak. Irailetik azarora bitartean ere etorriko dira.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak