Egubakoitzean ekingo diete jaiei, hala ere, zapatuan erraldoi zaleek, pozez hartuko dute aurtengo kalejira. Izan ere, Bergarako erraldoiez gain, Kataluniakoak, Mutrikukoak eta Hernanikoak ere ibiliko dira kalerik kale zapatuan. Guztira hogeitik gora erraldoik hartuko dituzte bergarako kaleak bi pasetan, lehena goizean eta bigarrena arratsaldean.
Zapatuko berrikuntza nabarmenetarikoa, San Martin plazako kontzertua izango da; azken urteotan erromeria egin ohi zuten eta azken urteotan indarra galdu duela kontutan hartuta formatua aldatzea erabaki dute. Erromeriaren ordez, aurten Iparraldeko musikariak igoko dira oholtzara Iparraldea Bergaran kontzertuan. Anje Duhalde, Erramun Martikorena eta Mixel Ducau eta Carolin Pilliphsek eskainiko dute kontzertua.
Gure Esku Dago eguna
Domeka, Gure Esku Dago eguna, ekintzez beteta etorriko da eta Udalekoak eguna indartze aldera elkarlanean aritu dira Gure Esku Dago ekimenekoekin eta Herri mugimendukoekin. Umeentzako gunea jarriko dute eta bertan hainbat puzgarri jarriko dituzte, tartean txirrista erraldoi bat. Horrez gain, eguerdian txosnagunean jateko emango dute eta ostean Irrien Lagunez eta Herrixa Dantzan ekimenaz gozatuko dute bergararrek. Arratsaldean ere hainbat kontzertu egongo dira ekainaren 8an: Gose eta Esne Beltza San Martin plazan eta Emon txosnagunean.
Koadrilen eguna
Astelehenerako berriz, koadrilen arteko jolasak indartzeko ahalegina egin du Udalak eta horretarako izen emateko aukera zabaldu dute, bai internet bidez baita tabernatan ere. Herri bazkarirako txartelak bihar jarriko dituzte salgai kultur etxean.