Lore tailerra, azoka eta lehiaketa

Irati Goitia 2014ko mai. 14a, 13:34
Leiho eta balkoiak apaintzeko lehiaketa egingo da aurten, lehendabizikoz, Bergaran. Helburua bikoitza da: lehen sektorea indartzea eta herria edertzea. Gaurtik eman daiteke izena lehiaketarako. Sari-banaketa San Martzial egunean egingo da. Horretaz gain, gaur lore tailerra egingo dute osoko bilkuren aretoan eta zapatuan lore eta landare azoka.

Azoka Bergaratzen egitasmoaren baitan, leihoak eta balkoiak apaintzeko lehiaketa antolatu du Bergarako Udalak. Baina lehiaketaz gain, beste bi ekintza ere prestatu dituzte aste honetarako.

Gaur, loreen gaineko tailerra egingo dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan, Kimu bat lore-etxearen eskutik, 18:30ean. "Azalduko dute zein lore mota diren aproposenak balkoietan jartzeko, adibidez. Hein batean, ideiak emango dituzte", zehaztu du Arianne Kareaga, Azoka Bergaratzen egitasmoko arduradunak. Hala, lore mota nagusien inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera egongo da gaurko tailerrean eta hauek zaintzeko aholkuak ere emango dira. Horretaz gain, eskainiko da ontzi moten edo ureztatzeko metodoen inguruko informazioa ere. Edonork hartu dezake parte tailerrean eta ez dago izena eman beharrik.

Lore eta landare azoka

Zapatuan, bestalde, lore eta landare azoka egingo dute Oxirondo plazan, 9:30etatik 14:00etara bitarte. Lauzpabost lore saltzaile izango dira bertan: azokan izan ohi diren bi, Bergarako lore-denda batekoa eta kanpotik etorrikotako baten bat. "Lore eta landareak –tomate eta piper landareak, esaterako– erosteko aukera egongo da. Izan ere, balkoiak apaindu daitezke edo baita baratze bat jarri ere", zehaztu du Kareagak.

Haurrak landare eta lore mundura gerturatzeko asmoz, umeentzako tailerra ere egingo da zapatuan, azokan bertan.

Lehiaketa

Leiho eta balkoi lehiaketari dagokionez, lehendabizikoz egingo da aurten Bergaran, eta hala, berritzailetzat jo du Kareagak. Eta gaineratu: "Helburu bikoitza du lehiaketak: lehen sektorea indartzea eta herria apaintzea". Hala, jendea parte-hartzera animatu du.

Herriko hainbat elkartetako kideek osatutako dute epaimahaia eta eurek aukeratuko dute leiho edo balkoi politena. Edertasuna zein material berrerabilgarrien erabilera baloratuko dira, besteak beste. Gaurtik eman daiteke izena lehiaketan parte-hartzeko, kultur etxera telefonoz deituta, bertara joanda edo bergara.net webgunean. Sari-banaketa San Martzial egunean egingo da.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak