Herriko 30 bat dendak moda desfilea egingo dute maiatzaren 10ean

Monika Belastegi 2014ko api. 29a, 12:53

San Martin plazan egokitutako pasabidean 45 herritarrek egingo dituzte modelo lanak. 18:00etan izango da, Bergara Bizi ekimenak bultzatuta. Arropa, zapata eta apaingarri dendek duten berriena erakutsiko dute, baina orrazkera eta makillajean azken joaerak ikusteko aukera ere egongo da. "Bergara bizia dela eta eskaintza zabala duela erakutsi nahi dugu, adin, sexu eta gustu guztiendako", esan dute antolatzaileek.

San Martin plaza modaren erakusleiho bilakatuko da maiatzaren 10ean; izan ere, Bergara Bizi ekimenaren baitan diharduten komertzioek moda desfilea antolatu dute egun horretarako, 18:00etan.

Herriko moda eskaintza zabalenaz gozatzeko aukera paregabea izango da, askotariko 30 bat komertziok hartuko dute-eta parte bertan: arropa, zapata eta apaingarri dendek duten berriena erakutsiko dute, baina orrazkera eta makillajean azken joaerak ikusteko aukera ere egongo da.

Ume, gazte, gizon zein emakumeak goitik behera apaintzeko herrian dagoen eskaintzaren erakusleiho izango da, azken batean maiatzaren 10eko desfilea. "Gure dendetako hormak gainditzea da helburua eta gure produktuak herritarrengana gerturatzea", esan zuen Ainhoa Ibarra dendarietako batek aurkezpenean; "Bergara bizia dela eta eskaintza zabala duela erakutsi nahi dugu, adin, sexu eta gustu guztiendako".

Bergara Bizi ekimeneko dendariak aurkezpenean.

10 metroko pasarela

T izkiaren formako pasarela egokituko dute Udalaren laguntzarekin San Martin plazan. Udaletxetik Seminariorantz aterako da eta bertan 45 herritarrek egingo dituzte modelo lanak. Hain zuzen ere, martitzenean, apirilak 29, egingo dute lehen entsegua, 20:30ean, Zabalotegi aretoan.

Ikusleei dagokienez, ahalik eta gehien batu nahi dituzte eta horretarako gonbidapena luzatzen diete herritarrei. Gainera, eroso egoteko aukera izango dute, "Udalak aulkiak laga dizkigu eta pilatxo bat jarriko ditugu plazan, jendeak ikuskizuna eserita ikusteko aukera izan dezan", azaldu zuen Ainhoa Garitanok, ekimenaren beste antolatzaileetako batek, eguenean egindako aurkezpenean.

Osterantzean, erakustaldia bi zatitan egingo dutela ere gehitu zuten eta erdian musika saioren bat egongo dela, nahiz eta hori oraindik lotzeke duten.

Zozketa eta lehiaketa ere bai

Desfilearen bueltan zozketa eta lehiaketa bana ere antolatu dituzte Bergara Biziko bultzatzaileek. Zozketari dagokionez, maiatzaren 2tik 10era bitartean, desfilean parte hartuko duten dendek txartelak emango dituzte bertan erosiz gero, eta zozketa desfilearen amaieran egingo da. Irabazleak erosketa bonuak lortuko ditu Bergaran erosteko.

Egunean bertan argazki lehiaketa bat ere proposatuko dute: desfileari lotutako argazkirik onena bilatuko dute. Parte hartzeko bideak izango dira Twitter eta Instagram sareak BergaraBizi etiketarekin argazkia igota. Jasotako argazki guztien artean bozkatzeko eta onena aukeratzeko epe bat irekiko dute eta saria bikoitza izango da: batetik, argazki onenaren egileak bonua lortuko du Bergaran gastatzeko; bestetik, bozkatzaileen artean ere diru-bonua zozketatuko dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak